Badator euskara hutsean bizi nahi duten gurasoen bigarren olatua

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 9a, 10:17

Joan den maiatzean osatutako kanpaina arrakastaren bidetik joan zela eta, Galtzaundi Euskara Taldeak bigarrenez antolatu du Guraso Eusleen egitasmoa; azaroaren 13an ekingo diote.

Mekanismo sinplea, lorpen garrantzitsuak eskuratzeko; horixe da, funtsean, Guraso Eusleen kanpainaren mamia. Joan den maiatzean egindakoa errepikatuko dute, azaroaren 13tik abenduaren 3ra bitarte, Tolosako Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako gurasoek: euskara hutsean aritu, edonon eta edonorekin.

Lehen aldi hartako esperientzia "arrakastatsua" izan zela nabarmendu du Galtzaundik eta, bide horretan, argi izan dute ikasturte berriak bigarren Eusle kanpaina bat behar zuela. Horrela, beraz, Tolosako Hezkuntzaren Euskara Mahaiak prest du euskaraz, eta euskaraz bakarrik, bizi nahi duten gurasoen bigarren olatua.

Datorren astelehenean hasi, eta Euskararen Nazioarteko Egunean amaituko da Guraso Eusle egitasmoaren epealdia. Tarte horretan, guraso parte-hartzaileek txapa bana izango dute soinean, eta euskara hutsean aritzeko konpromisoa hartuko dute. Behin kanpaina bukatutakoan, beren bizipen eta sentsazioak bilduko dituzte.

Maiatzeko Eusleak 84 izan ziren azkenean eta, antolatzaileek azaldu dutenez, izen-ematea bide onetik doa bigarren aldian ere. Gainera, lehen aldi hartako gurasoen %80ak berriro parte hartuko dute, eta Galtzaundi Euskara Taldeak horri jarri dio fokua: "Egitasmoaren helburu nagusia bete zela ikusi dugu: euskaraz dakiten Tolosako gurasoak aktibatzea".

Alarma: haurrekin bakarrik aritzea

Eusle kanpainaren iturburua Galtzaundik 2016ko urrian egindako Hizkuntza Erabileraren Neurketan dago. Orobat, ikerketak plazaratu zuen, Tolosako ikastetxeetako gurasoen erdiek baino gehiagok gaztelerara jotzen zutela, haurrak elkarrizketa horietan ez zeudenean.

Euskaraz haurrekin bakarrik aritzeko joerak alarma piztu zuen, eta erabilera datuak hobetzeko neurri zehatzetako bat da, astelehenean bigarrenez martxan jarriko dutena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!