Guraso eusleen %80k jarraitu nahi dute euskaraz bizitzeko ahaleginean

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 20a, 07:56
Arnastu Euskara lip-dubak balio izan zuen, besteak beste, Eusle kanpaina biribiltzeko. REBEKA CALVO

Galtzaundi euskara taldeak Eusle kanpainaren balorazioa osatu du; aktibazioa lortu dutela diote, eta kontzientzia pizte horri eutsi behar zaiola.

Hamar gurasotik zortzik baietz erantzun dute: Eusle kanpainan euskaraz sortu zaizkien elkarrizketa berriak euskaraz mantentzen jarraituko dutela aurrerantzean. Maiatzaren 8tik 26ra bitarte, Tolosako Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako 84 gurasok erabat euskaraz bizitzeko erronka hartu zuten, eta Galtzaundi euskara taldeak balorazio ona egin du, gurasoek erantzundako galdetegia oinarri hartuta.

Kanpainaren sorburua 2016ko urrian egindako Gurasoen Hizkuntza Erabileraren Neurketan dago. Ikastetxe atarietara jo, eta bertan zeuden guraso eta zaintzaileen hizkuntza ohiturak neurtu zituzten, haiek hala jakin gabe. Besteak beste, neurketak eskainitako emaitza azpimarragarriena honakoa izan zen: gurasoen erdiek gaztelerara jotzen dutela, haurrak aurrean ez daudenean.

Horrela, datuak belaunaldi berrien ohituretan eragin zuzena duela ikusita, Galtzaundik hainbat helburu ezarri zituen bere bide-orrian, eta horietako bat da joan den maiatzean martxan jarritakoa: Eusle kanpaina. Euskal Herriko beste zenbait txokotan garatutako kanpainen bidetik, Tolosako ikastetxeetako gurasoak aktibatu nahi izan zituzten, elkarrizketa guztiak euskara hutsean izan zitzaten.

Guztira 84 guraso aritu dira, eta parte hartzaile bakoitzak, gutxienez, astebetez eutsi behar izan dio erronkari.

EGUNEROKOAZ JABETZEA

Kanpaina amaitu eta astebetera, Galtzaundi euskara taldeak galdetegi bana helarazi zien guraso parte hartzaileei, eta erantzunen araberako balorazioa osatu du taldeak.

84 gurasotik 41ek erantzun dute galdetegia, eta ia guztiek %80ak- aitortu dute, Eusle kanpainak iraun duen bitartean ahalegina egin dutela euskaraz gehiago aritzeko; aldiz, beste zenbaitek ez du ahaleginik egin beharrik izan, ohikoa baitzaie erabat euskaraz bizitzea.

Abiapuntu hori hartuta, kanpainatik kanpoko jendearen erreakzioa ere ezagutu nahi izan du Galtzaundik. Bada, erantzunek ez dute ondorio garbirik eman: kanpainaz kanpoko gurasoek normalean baino euskara gehiago egin dietela azaldu dute %54k eta, kontrara, ingurukoengan betiko ohiturak nabaritu dituzte gurasoen %46ak.

Bide horretan, orain arte gazteleraz izaten zituzten elkarrizketetako zenbait euskaraz izatea ere kanpainaren jomugetako bat da, eta badirudi helburua ez dutela erabat bete: gurasoen %61ek aitortu du ezetz, ez dituztela euskarazko elkarrizketa berriak lotu.

Hala ere, ahaleginik ez zaie falta izan eta, batez ere, lau norabidetan egin dute indarra guraso eusleek: lehen hitza euskaraz egiten (%44); gaztelerazko erantzuna jasota ere, euskaraz jarraitzen (%31); orain arte gazteleraz sortutako harremanak euskaraz jarraitzen (%15) eta guraso guzti-guztiei euskaraz egiten, baita ulertzen ez dutenei ere (%10).

Maiatzeko hiru aste horietatik, noski, aurrera begira jarri nahi izan du Galtzaundik eta, eusleen %80ak euskarazko elkarrizketa berriekin jarraitzeko asmoa azaldu dutenez, baikor da euskara taldea. Hutsuneren bat zehaztu dute balorazioan, azalduz egitasmoa ez dutela maila berean landu ikastetxe guztietan. Hala ere, gurasoak aktibatzeko, Galtzaundiren izena zabaldu eta ezagutarazteko, euskararen gaiarekin sentsibilizatzeko nahiz kontzientzia pizteko tresna ezin hobetzat jo dute Eusle.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!