Hiru astez euskara hutsean bizitzeko erronka hartu dute Tolosako 50 gurasok

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 2a, 18:12

Ikastetxeetako ordezkariek parte hartu dute agerraldian, Galtzaundiko kideekin batera.

Iaz ikastetxe atarietan egindako hizkuntza behaketen emaitzak kezkatuta, Tolosako Euskara Mahaiak sustatu du egitasmoa; hilaren 8an hasiko dira. 

Euskal Herriko hainbat herritako esperientzia eredu hartuta, Tolosako ikastetxeetako 50 guraso inguru euskara hutsean bizitzen saiatuko dira, hiru astez. Euskararen Mahaiak– Galtzaundi euskara taldea, Aitzol Udal Euskaltegia, Tolosako ikastetxeak eta udal teknikariak– abiarazitako egitasmoa da, eta 2016an egindako hizkuntza neurketa du oinarri: ikastetxe atarietan, gurasoen erdiek baino gehiagok gaztelerara jotzen dutela berretsi zuten zenbakiek. 

Horrela, beraz, Eusle izenburupean, aurkeztu berri duten kanpainak gurasoei jarri nahi izan die fokoa, Imanol Artola eta Itxaropena Urkiola Euskararen Mahaiko ordezkariek azaldu dutenez: "Datu esanguratsuak eman zituen iazko neurketak, eta kezka horri erantzuteko nahietik dator kanpaina hau, gurasoak haurren eredu direlako". 

Modu horretan maiatzaren 8tik 26ra bitarte, "euskarari eusten saiatuko dira" guraso parte hartzaileak: "Kontzientzia dutenek jarrera eta ohitura jakin batzuk hartzea lortu nahi dugu, askotan hizkuntza noraezean ibiltzen baita, batetik bestera: euskaratik gaztelerara aldatzeko ohitura du jende askok. Gure asmoa jendea aktibatzea da, jauzi hori egin ez dezaten, eta euskara hutsean bizi daitezen", dio Artolak. 

Hasteko, izena eman duen guraso bakoitzak astebetez euskara hutsean bizitzeko konpromisoa hartu du, eta norbere esku izango dute, gero, hasitakoarekin jarraitzea. Eusle kanpainak dirauen bitartean, gainera, parte hartzaileek txapa bana izango dute soinean, kanpaina identifikatzen duen leloarekin: "Eusle birus bat bezala zabaltzea nahi dugu, eta hasiera batean gurasoekin ekingo diogun arren, erronka zabaltzea nahiko genuke, txikitik handira, noski". 

Horregatik, hilaren 8tik 26ra bitarte, antolatzaileak astero-astero bilduko dira parte hartzaileekin, esperientziak partekatu eta jasotzeko. Ondoren, hiru asteko erronka amaitzen dutenean, esperientziaren testigantzak eta balorazio bat jasoko dituzte, nahiz eta oraindik euskarririk ez duten zehaztu. 

Agerraldia amaitzeko eta, egitasmoaz harago, antolatzaileek euskara hutsean bizitzera deitu nahi izan dituzte herritarrak, gaur egun Tolosan posible dela nabarmenduz: "Tolosarren %80 euskara ulertzeko gai dira, eta horrek esan nahi du euskaraz hitz egin nahi duenak, ahal duela, ulertuko ez diotenaren beldurrik gabe. Gurasoak dira haurren ispilu, eta eredu ere izan behar dute". 

Eusle kanpaina Arnastu Euskara lipdub erraldoiak biribilduko du, maiatzaren 27an, Tolosan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!