Data hauek iristen direnean, zer sentitzen duzu barruan?
Data oso politak dira. Herrialde desberdinetako jendea etortzen da beraien musikarekin, artearekin finean. Horrek zirrara puntu bat sortzen dit data hauen aurrean.
Nondik datorkizu abesbatza lehiaketarekiko lotura?
Txiki-txikitatik. 8 urterekin abesbatza batean hasi nintzen, eta duela lau edo bost urtera arte jarraitu dut. Nire aita izan da pixka bat mundu horretan sartu nauena.
Eta berak ez du hutsik egiten, urtero-urtero joaten da lehiaketa ikustera.
18 urte zituenetik joaten da. Hau da, abesbatza lehiaketak daramazkien urte guztietan joan da. Ez du bat bera ere galdu.
Nola azaldu zer den abesbatza lehiaketa?
Beste kultura batzuk ikusteko modu bat; herrialde desberdinetako esentzia hona ekartzea.
Horrenbesteko garrantzia al du ekimen honek?
Bai, eta atzean lan asko dauka. Ez da batere erraza abesbatzak aukeratzea, mailagatik. Izan ere, Europako Sari Nagusiaren zirkuituaren barruan dago Tolosako lehiaketa, eta horrek bere garrantziaren neurri bat ematen dizu.
Zure inguruan zaletuak eta ez direnak izango dituzu.
Abesbatzetan bezala, denetik dago. Guretzat ere momentu batzuk izaten dira, lehiaketara joan eta pixka bat aspergarri egiten zaizkizunak; musika aldetik pixka bat gogorragoak direnak entzuteko. Baina denetik dago. Nire ustez jende askori gustatzen zaizkio, baina bada lehen aldiz joan, saio gogorra tokatu eta errepikatzen ez duenik.
Eta lehen inpresio hori aldatzea ez da erraza izaten.
Ikuspegi ireki bat baldin badaukazu eta buruz ez baldin bazara oso itxia, beste behin joan eta gustatuko zaizu. Horretarako lagungarria izaten da norbaitek esatea zein izan daitekeen saio erakargarria.
Aurtengo berezitasunetako bat haurren abesbatzak izango dira.
Umeen abesbatzek beti izaten dute erakargarritasun gehiago. Ez dakit zergatik den hori: haurrak direlako edo hain gauza politak egiten ikustea adin horretako jendea... ikusgarria izaten da.
Zeri begiratzen diozu emanaldi batean?
Abesbatza batean kantatu dut, baina ez dut musika teknikoki aztertzeraino ulertzen. Belarriari egiten diot jaramon, gustatzen zaidan hori jarraituz.
Aurten joateko aukerarik izango al duzu?
Ez naiz saio guztietara joango, baina ahal dudanean gerturatuko naiz. Saio politak egongo direla uste dut, Asiatik etortzen diren abesbatza horiek beste kutsu bat ematen diotelako lehiaketari.
Norekin joango zara aurtengo emanaldietara?
Saio gehienetara aitarekin joaten naiz. Ilobak ere emango ditugu. 12 eta 8 urte dituzte. Bata lehen ere izana da eta bestearen lehen aldia izango da. Polita izaten da beraien erreakzioak ikustea. Aspertu egin ote diren edo zer gustatu zaien galdetzea. Ikasteko beste modu bat da. Orokorrean gustura egoten dira. Beraiekin aukeratzen ditugu saioak, erakargarrienak izan daitezkeenak bilatuz.