Abesbatza lehiaketa jarraitzen al duzu?
Azken urteetan ez naiz iritsi, familia kontuengatik, baina bai, gustukoa dut.
Zer gustatzen zaizu?
Iruditzen zait belarri txarrekoa naizela, baina musika ikaragarri gustatzen zait. Txikitan eztarrian ebakuntza egin zidaten, eta abestea mugatua daukat. Ez dakit horregatik den edo.
Musikarekiko lotura hori nondik datorkizu?
Fraile artean asko ibilia naiz; frantziskotarrekin. Hauek hitza edo euren mezua zabaltzeko musika erabiltzen dute. Jesuitek adibidez, komunikabideak gehiago erabiltzen dituzte. Horregatik, beti izan dut musikarekin harremana, nahiz eta arlo horretan analfabeto hutsa naizen.
Gogoan dut eliza garbitzen ibiltzen nintzenean, fraide batek organora gerturatu eta nola jotzen zuen. Izugarria zen. Hain zuzen, Tolosako Abesbatza Lehiaketan urteak egin zituen epaile bezala.
Abesbatza lehiaketarekiko lotura, aldiz, noiztik datorkizu?
San Frantzisko elizan emanaldiren bat beti tokatzen zen lehen, eta belarria hara joaten zitzaigun. Ondoren, ezkongabe garaian, lagun batekin joaten nintzen.
Lehiaketa eta herriaren arteko lotura nolakoa da?
Garai batean jendea kanpotik gehiago etortzen zela uste dut. Hala eta guztiz ere, tolosarrentzat abesbatza lehiaketa nahiko gertukoa dutela iruditzen zait. Lehen, agian, selektiboagoa zen. Orain ez dut uste horrenbesterainokoa denik. Herriko gauza bat bezala ikusten dut. Entzule bezala edo lanean, boluntario piloa ibili izan da. Egia da gaur egungo gizartean badela jendea nahiko justu dabilena, eta denera iristen ez dena. Horrelakoetan, askotan gauza hauek albo batera utzi behar izaten dira.
Abesbatza hitza entzutean, zer etortzen zaizu burura?
Hasteko polifonia. Poli, asko; soinu asko. Harrigarria iruditzen zait soinu desberdin asko nola gorpuzten diren kantu batean; sinestezina egiten zait. Erritmo desberdinak, ahots desberdinak eta gero, denek bat egiten dute. Nola da posible? Liluragarria iruditzen zait. Baina lehen esan bezala, teknikoki analfabeto hutsa naiz.
Zer esaten diezu seme-alabei?
Musika kirola egitea bezala dela, baina burua lantzen dela; eta hori, beste gauzetarako ere interesgarria dela.