Tolosako 49. Abesbatza Lehiaketa eta Europako Sari Nagusia

Txapeldunen txapelduna eta txapeldun berria

Asier Imaz 2017ko urr. 29a, 09:42

Zezen plazan bost abesbatza elkartu genituen iaz, abesbatza lehiaketaren aitzakian. Aurrez, Joseba Ostolaza harri-jasotzaileari deitu genion, erakustaldi bat egiterik zuen jakiteko. Borondate kontuetan, esker oneko hitzak, motz!

Tolosako azokara alemaniarrak eraman genituen; herbeheretarrekin tabernan jarri genuen hitzordua; kubatarrak Beotibar Zesta Punta Elkarteko pilotariei begira geratu ziren, eta txapeldunak, indonesiarrak, Topic-en txotxongiloekin jolas egin zuten.

Ikusgarria izan zen esperientzia. Ikusgarria dokumental goxo bat egin genuelako momentu horiekin. Leidorren oholtza gainean kantuan ibili zirenak, kalean, eskualdeko herritarren pare ikasi genituen. Azoka, taberna, Beotibar, zezen plaza eta Topic beraiei begira ikusi nahi dute, eta aurten berriro ere iritsi da aukera. Aurrez begira egon direnak azalduko dira Leidorrera; besteek, hortxe dute lehen aukera.

 

«EUROPAKO SARI NAGUSIKO ABESBATZEK AHO ZABALIK UTZI NAUTE»

Tolosa Ekinbide Etxeko kidea da Xabier Ormazabal (Tolosa, 1972) antolatzailea.

Aurkezpen ekitaldian, sari nagusiaren maila azpimarratu zenuten. Zertan oinarritzen zarete?

Urte batzuetan abesbatza bat entzun eta esaten duzu: sekulakoa da! Edo bost horien artean, lehia bi edo hiruren artean egongo da. Lehiaketa horietan maila handia egoten da, baina ez aparta. Aurten, ordea, hori da kontua: guztiak direla sekulakoak, eta guztien artean egongo dela lehia. Nik bostetik lau entzun ditut, eta aho zabalik gelditu naiz bakoitzarekin; baita haurrekin ere. Hauek zuzenean entzuteko aukera izan nuen, irabazi zuten txapelketan. Benetan, izugarriak.

Beste iritziren batek antzekorik esan al dizue?

Hurrengo urtean sari nagusia Eslovenian izango da. Bertako antolatzailearekin hizketan, jeloskor zegoela esan zigun, aurten guri tokatu zaigulako, eta noski, maila izugarria zegoelako.

Zer da herriari eskaintzen diozuena?

Egitasmoa bera. Aurten, gainera, haurren abesbatza lehiaketa tokatzen da. Herritarrei bereziki gustatzen zaiela uste dut. Normalean Leidor bete egiten da. Kalitatea bilatzen ere saiatzen gara, baina era berean, ikusgarritasuna bilatuz. Folklorearekin herrialde desberdinetako jantzien eta koreografien ikusgarritasuna bilatzen dugu.

Egun gutxi falta dira hasteko. Dena prest?

Aste honetan bertan iritsi dira lehen abesbatzak, batez ere sari nagusikoak. Azken momentuko gauzak lotzen ari gara, izan ere, 65 kontzertu baina gehiago antolatzen dira lehiaketatik aparte. Gogotsu gaude, urte berezia delako. Lehiaketa, sari nagusia... maila polita egongo dela iruditzen zaigu. Sarreren salmenta oso ondo doa, eta Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusirako denak bukatu dira. Jendea ondo erantzuten ari dela ematen du.

 

21 abesbatza, bost egunetan

Azaroaren 1ean 29. Europako Sari Nagusia jokatuko da; hilaren 2tik 5era, 49. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Italia, Hungaria, Eslovenia, Frantzia, Bulgaria eta Euskal Herria. Sei proba horiek osatzen dute Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia. Urtero herrialde horietan abesbatza lehiaketak jokatzen dira, eta irabazleen artean, sari nagusia. Tolosan, beraz, 2016ko txapeldunak elkartuko dira azaroaren 1ean. 2018an, Maribor-en (Eslovenian) jokatuko da Abesbatza Kantuen Europako Sari Nagusia. Tolosara sei urte barru itzuliko da txapeldunen arteko txapelketa. Sei lehiaketa izan arren, bost finalista izango dira Leidorren. Tolosan urtero antolatzen den lehiaketa, beste bi herrialdeetan bi urtez behin antolatzen delako.

Sarrerak

Europako Sari Nagusian bost abesbatza izango badira, Tolosako Abesbatza Lehiaketan 16 izango dira. Horietatik sei haurrenak. Hauek azaroaren 2an hasiko dira kantuan. Amaiera ekitaldia hilaren 5ean izango da. Sarrerak aurrez erosteko aukera kutxabank.es webgunean dago. Egunean bertan, Leidorreko leihatilan jarriko dituzte geratzen diren sarrerak salgai.


CHAMBER CHOIR 'SOLA' (LETONIA)

Kaspars Adamsons zuzendariak 22 emakume eta 21 gizon zuzentzen ditu Letoniako abesbatzan. Tolosara, iazko Varnako (Bulgaria) abesbatza lehiaketa irabazitako etorriko dira.


JEUNES A COEUR JOIE (FRANTZIA)

Filippo Maria Bessan zuzendariak 15 emakume eta 15 gizon zuzentzen ditu. Europako Sari Nagusian parte hartzeko txartela, etxeko lehiaketan lortu zuten, Tours-en (Frantzia), iaz.



PHILIPPINES MADRIGAL SINGERS (FILIPINAK)

Mark Anthony Carpiok 13 emakume eta 13 gizon zuzentzen ditu. 2016ko Italiako Arezzo-ko lehiaketa irabazi zuten filipinarrek, Tolosan lehiatzeko eskubidea lortuz.


VESNA CHILDREN'S CHOIR (ERRUSIA)

40 haurreko abesbatza honen zuzendaria Nadezhda Averina da. Sari Nagusiko haur abesbatza bakarra izango da, eta Tolosarako bidaia Hungariako Debrecen-eko lehiaketan irabazi zuten.


BATAVIA MADRIGAL SINGERS (INDONESIA)

Avip Priatnak 22 emakume eta 21 gizonezko zuzentzen ditu Batavia Madrigal Singers abesbatzan. Leidorren kantatzea zer den oso ondo dakite, iazko Tolosako Abesbatza Lehiaketako txapeldunak izan baitziren. Azaroaren 1ean, beraz, etxean ariko dira indonesiarrak.

EGITARAUA

Asteazkena, azaroak 1
Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia. Leidor antzokia, 17:00.
- Chamber Choir ‘Sola’ (Letonia).
- Choeur National Des Jeunes A Coeur Joie     (Frantzia).
- Vesna Children’s Choir(Errusia).
- Univ. Of The Philippines Madrigal Singers (Filipinak).
- Batavia Madrigal Singers (Indonesia).

Osteguna, azaroak 2
Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Leidor antzokia, 19:30.
Polifonia
- Chamber Choir ‘Sophia’. (Ukraina).
- Women’s Choir Carnice (Eslovenia).
- Sansara (Erresuma Batua).

Folklorea
- Chamber Choir ‘Sophia’. (Ukraina).
- Women’s Choir Carnice (Eslovenia).
- Sansara (Erresuma Batua).

Ostirala, azaroak 3
Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Leidor antzokia, 19:30.
Polifonia
- Kvindelige Studenters Sangforening (Norvegia).
- Univ. Of Wyoming Collegiate Chorale (Ameriketako Estatu Batuak).
- Collegium Vocale  Hannover (Alemania).

Folklorea
- Kvindelige Studenters Sangforening (Norvegia).
- Univ. Of Wyoming Collegiate Chorale (Ameriketako Estatu Batuak).
- Collegium Vocale  Hannover (Alemania).

Larunbata, azaroak 4
Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Leidor antzokia, 11:00.
Haur Abesbatzak
- Liepaites Girls Choir (Lituania).
- Choir Of The Old Town Music House (Estonia).
- The Resonanz Children’s Choir (Indonesia).
- Lautitia Children’s Choir (Hungaria).
- Prague Phihlharmonic Children’s Choir (Txekia).
- Saint Angela Choir (Indonesia).

Leidor antzokia, 16:00.
Polifonia
- Camara XXI (Argentina).
- Coro Del Conservatorio De Musica Y Ballet (Eslovenia).
- Mixed Choir Maska (Letonia).

Folklorea
- Camara XXI (Argentina).
- Coro Del Conservatorio De Musica Y Ballet (Eslovenia).
- Mixed Choir Maska (Letonia).

Igandea, azaroak 5
Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Leidor antzokia, 11:30.
Amaierako saioa.

San Frantzisko eliza, 19:00.
Abesbatza kontzertua
- The Resonanz Children’s Choir (Indonesia).

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!