Arnastu euskara

Euskara arnasteko prest

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 4a, 08:52

Zigor Sagarna kantuaren egilea, eta Arnastu Euskarako antolatzaile eta parte hartzaileak bertaratu ziren aurkezpenera.

Maiatzaren 27an 'Arnastu euskara' lipdub erraldoia hartuko du Tolosak; kantua eta ibilbidea prest ditu Galtzaundi Euskara Taldeak

Tolosaldea euskararen arnasgune bilakatze bidean, Galtzaundi Euskara Taldeak hilabeteak daramatza maiatzaren 27ari begira: Arnastu euskara lipdub erraldoia antolatu dute ordurako, eta kantua eta ibilbidea prest dituzte jada.

Tolosako Plaza Zaharrean egin dute aurkezpena, hantxe biribilduko baitute lipdub jendetsua. Kantu baten erritmoa eta letra jarraituz, izena eman duten herritar eta talde guztiek ibilbideko kaleak zeharkatzea izango da gakoa, amaieran guztiak Plaza Zaharrean elkartzeko. Horrela, beraz, Arnastu euskarak ezinbesteko zuen elementua ondu dute dagoeneko: kantua.

Zigor Sagarna tolosarrak sortu du melodia, eta Laket taldeak jantzi du musikaz; perkusioan Xabier Beldarrainen laguntza izan dute. Grabaketa, berriz, Ereñozuko (Hernani, Gipuzkoa) Aieka estudioan egin dute, Pello Gorrotxategiren zuzendaritzapean.

Kantuak doinu latinoak dakartza gogora eta, hain zuzen, horixe izan da Oihana Iguaran bertsolariaren sormen iturria. Arnastearen ideia erdigunean jarri, eta hortik loratutako ideiekin osatu ditu errepikak eta letra, aldarrikatuz Tolosaldea euskara biziberritzeko plaza izango dela.

500 METRO ETA GOGO BAKARRA

Maiatzaren 27an, 12:30ean ekingo diote Arnastu euskara lipdub-a grabatzeari, Letxuga kalean hasita. Honako ibilbidea jarraituko du gero: Errementari kalea, Leitza kalea, Berdura plazako arkupeak, Kale Nagusia, Agintari kalea eta Plaza Zaharra.

Ia kilometro erdia egingo dute eskualdeko herritar eta taldeek, eta oraindik ere zabalik da parte hartzeko izen ematea. www.arnastueuskara.eus ataritik egin daiteke.

 

ARNASTU EUSKARA

Korronte txiki baten eraz
hasiak fin zurrunbiloan goaz hegaz

elkarrekin haize-errota berriz xarmaz
bete dadin euskaraz har ezazu arnas
ta putz egin

Aharrausian hasia hauspoz
ta kalera arnasestuan bide askoz

ta aurrera
hasperen eta zotin saltoz
biharrera
gaur irrintzi bat da ta zatoz
ospatzera

Lau haizetara
zabal dezagun arnas gunea
gu haize gara
hizkuntza baten hauspo xumea indar ufada
hitzarekiko begirunea
ta euskara da
gure tokia ta unea

Hots hutsa ez da hitza
hitza ez da hots hutsa
hitzetatik hizkuntza
hizkuntzatik ahotsa BIS ahotsez eman hatsa

hatsa hauspotuz bultza herria zen gorputza hizkuntza da bihotza

Lau haizetara... BIS

 (Hitzak: Oihana Iguaran)

Erlazionatuak

Euskara arnastu nahi dugu

Jon Miranda Labaien 2017 mar 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!