Arnastu euskara

Euskara arnastu nahi dugu

Jon Miranda Labaien 2017ko mar. 20a, 08:02

Tolosaldea eskualde euskalduna da. Bertan bizi den jendearen usteak horrela dio eta datuek ere berretsi egiten dute baieztapena. Jasota daude 1986tik 2011ra bitarteko datu soziolinguistikoak, eskualdez eskualde eta herriz herri. Soziolinguistika Klusterrak egiten du datuen bilketa eta prestaketa lana.

Euskararen indizea Tolosaldean %78,9koa zen 2011n. Ia 46.000 biztanleetatik %71 euskalduna, %15,8 ia euskalduna eta %13,2 erdalduna zen. Arnasgunea da gure eskualdea euskararentzat, «biriketako bat», Urola Kosta, Lea Artibai eta Nafarroa iparraldearekin (Malerreka, Bortziriak eta Leitzaldea) batera. Ez dago hiztegietan dokumentatua. Antza, arnasgunearena Mikel Zalbide euskaltzainak asmatutako hitza da eta, euskararen egoerari ekarria, euskaraz normaltasunez, erosotasunez eta ondo bizi daitekeen egoera eta tokiari egiten dio erreferentzia.

Xabier Bengoetxea irakasleak 2011n Tolosaldeko lau arnasgune (Alegia, Amezketa, Asteasu eta Berastegi) aztertu zituen euskararen erabilera sendotzen ala ahultzen ari ote zen jakiteko [TOLOSALDEKO ATARIAren 128. zenbakian sakonago, 2014-05-30]. Datu soziolinguistikoek konfirmatu egin dituzte ikerketa horretan aterako ondorioak: gunerik euskaldunenetan bi hizkuntzek sarbidea dute eta nahasketa gertatzen ari da.

Galtzaundi Euskara Taldeko koordinatzailea da Imanol Artola eta kezkarako motiboak azaldu ditu datuak eskutan hartuta: «1981tik 2011rako epealdian Tolosaldean %7,9an egin du gora euskaldunen kopuruak baina, 30 urte horietan, %5,8an jaitsi da lehen hizkuntza euskara dutenen kopurua eta %4 etxean nagusiki euskara erabiltzen dutenena». Bataz besteko datuak dira eta joera negatiboa ez da hain nabarmena herri handienetan, Anoeta, Amasa-Villabona, Zizurkil, Ibarra edo Tolosan eskualde buruan, esaterako, azken 30 urteetan %6,1ean egin du gora etxean nagusiki euskara erabiltzen dutenen portzentajeak—.

Herri txikietan, ordea, biztanleriak gora egin duen horietan, euskaldunen dentsitatea beherantz hasi dela erakusten dute datuek, batik bat, 2001etik hona. 1986an, adibidez, Baliarraingo biztanle guztiek zuten lehen hizkuntza bezala euskara. 2011n, aldiz, %87,4ak baino ez. Beheranzko joera hori, oraindik ere nabarmenagoa izan da Bidania-Goiatzen, gaur egun, lautik hiruk baino ez baitute euskara lehen hizkuntza bezala. Gainera, 1981tik 2011ra %26,6an egin du behera euskararen erabilerak Bidaniako eta Goiatzeko etxeetan.

Beraz, euskara hutsezko jarduna galduz doa etxe-giroan, eta elebikoa zabaltzen. Adituen ustez, bi hizkuntzen konpartimentazioa, diglosia egonkorra, apurtuz doa eta horren ordez, diglosiarik gabeko elebitasuna hedatzen ari da. Artolaren arabera, «lehen ez bezala, gaur egun, gehienontzat euskara hautu bat da, bi hizkuntza baldin badakizkizu baten aldeko aukera egiten duzu». Deskonpartimentazio fenomenoa, sarritan, mintzaldaketaren lehen urratsa izan ohi da. «Hizkuntza baten edo bestearen aldeko hautu horretan faktore askok eragiten dute eta inguruneak eragin handia du. Geroz eta harreman gehiago eta zabalagoak ditugu baina harreman horietako asko sare sozialen bitartez datozkigu. Sare horietan beste hizkuntzek presentzia handia dute. Eta horrelakoetan inertziek beti egiten diote mesede hizkuntza hegemonikoei eta kalte minorizatuei».

Kultura-kontsumoak argi adierazten du euskararen arnasguneetan ematen ari den aldaketaren norabidea. Orain arte, euskara eta berari lotuta datorren kulturaren transmisioa indarrean egon da. Naturaltasunez eta ezer berezirik egin gabe, belaunez belaun transmititu izan da. Artolaren esanetan, «etxean ikasitako hizkuntza horren indargarri izan dira kalea, lagunartea, auzoa... herri giro osoa izan da euskararen erabilerarako pizgarri». Joera hori moteltzen ari Tolosaldean eta hori «euskaltzaleok horretaz ia ohartzen ez garela» gertatzen ari da, Galtzaundi Euskara Taldeko kideen esanetan.

Artikulazio beharra

Nire jatetxeko menua gaztelaniaz jarriko dut, badakidalako horrela denek ulertuko dutela edo Parean dudan hori ez dut ezagutzen, eta bada ez bada, aurrena, erdaraz egingo diot. Gisa horretako baieztapenak ohikoak dira, baita gurean ere. «Tolosaldea eskualde euskalduna da baina kontzientzia falta zaio», esan du Artolak. «Orain arte intuizioz jardun izan dugu eta arazoak sortu izan zaizkigunean ez dugu jakin izan nola egin aurre. Diskurtso egituratu bat eta erremintak falta izan zaizkigu euskaldunoi. Gure jarduteko moduari eutsiko dion horma eraikitzea falta zaigu».

Momentu honetan «desartikulatuta» ikusten dute eskualdeko euskalgintza Galtzaundi Euskara Taldetik. Berariaz arlo horretan jarduten duten eragileen artean kokatzen dute Galtzaundi bera, UEMA (eskualdeko 14 udalerri dira mankomunitateko kide) eta Amasa-Villabona, Anoeta-Irura, Ibarra, Tolosa eta Zizurkilen aritzen diren euskara teknikariak. Propio euskara biziberritzeko lanean jarduten dute, baita ere, tokiko euskarazko hedabideek TOLOSALDEKO ATARIA tartean eta eskualdeko ikastetxeek. Gero, badira, «bide-batezko euskalgintza» dei geniezaiekeen eragileak, euren jarduna erabat euskaraz egiten dutenak, eta honenbestez, hizkuntzaren normalizazioari laguntzen diotenak.

«Bagara, baina ez gabiltza elkarrekin», esan du Galtzaundiko koordinatzaileak: «Artikulazio falta ikusten dugu. Indarrak alperrik galdu ditugu askotan eta ez dugu asmatu elkar elikatzen. Modu osagarriago batean jardungo bagenu eraginkorragoa izango litzateke hizkuntzaren indarberritze prozesua Tolosaldean».

Euskara bezalako hizkuntza bat ahul dagoenean, arnasgunevak dira hizkuntzak dituen birika osasuntsuenak, eta beraz, edozein indarberritze prozesu martxan jartzeko abiapuntu. «Norbaitek eragin beharra dauka» esan du Igor Agirre, Galtzaundi Euskara Taldeko komunikazio arduradunak, «eta iruditzen zaigu, gizarte mugimendu antolatuak izan behar duela motorra».

Tolosaldeko euskalgintza «berrantolatu eta berregituratu» egin behar dela uste dute euskara taldetik eta kohesio hori «Galtzaundiren inguruan» gauzatu behar dela. Agirrek aipatu duenez, «euskaltzale ezberdinak dagoeneko hasi dira biltzen, eskualdeko euskalgintzari euskarri osatu bat nola eman pentsatzeko». Tolosaldean ematen ari diren gogoeta hauek ez dira modu isolatuan ematen ari, euskalgintza osoa birpentsatze fase batean dagoelako.

«Uste osoa dago aro bat amaitu eta beste bat hasten ari dela, berrikasi egin behar dugula egindakoetatik eta berrikusi etorkizuna». Euskaltzaleen Topagunearen baitatik, 2015ean sortutako Berrikasi eta berrikusi dokumentutik jasotakoa da adierazpena. Txosten hori osatzen jardun zuen, besteak beste, Kike Amonarriz tolosarrak: «Aurrerapauso handiak eman dira, baina oraindik aukerak eta beharrak daude. Dikotomia eta enfrentamendu giro horretatik elkarlan eta adostasun giro batera pasatzeko aukera eta beharra dugu. Hori bi ideiatan laburbildu genuen: batetik, zoru komun bat landu behar dugu euskararen alde gauden guztion artean; bestetik, adostasun hori erabaki behar dugu aktibazioan, inertziak astinduz eta jauzi kuantitatibo eta kualitatiboak emanez. Lau aditz: elkartu, adostu, aktibatu eta irabazi» (Berria egunkarian, 2016ko abuztuaren 14an).

Galtzaundi Euskara Taldean bat datoz baieztapen horiekin eta aro berriaren zantzuak ere ikusten ditu Artolak azkenaldian: «Adostasun giro horren adibide gisa, instituzioen aldetik jarrera egoki bat ikusten ari gara. Esate baterako, gizarte mugimenduarekin batera ospatu zuten erakundeek azkeneko euskararen eguna. Badirudi hori izango dela bidea, instituzioek gizarte antolatutik datozen proposamenei erantzutea». Euskararen eremuan zoru komuna zabaldu eta eraikitzeko lanean jardungo dute Tolosaldean, bai gizarte mailan eta baita maila politikoan.

Euskararen aldeko aktibistak

Euskararen aldeko lana gehienean «isilpekoa, bakarkakoa eta ia-ia anonimoa da, sarri pisutsua». Galtzaundi Euskara Taldean uste dute, hori gertatzen dela, euskaltzaleak antolatuta ez dauden momentu beretik. «Hizkuntzaren hautua egin behar duen norbanako horrek, ez badu erreferentziarik, bere baitan egiten du lan, bere intuizioen arabera. Badaude, noski, ipurterre batzuk ingurunea erdalduntzen ari zaiela ikusita ere, euskaraz egiteko apustua egiten dutenak, baina oro har, estrategia falta dugu. Hizkuntzaren arloan geure hautuak arrazoitzeko argudioak falta ditugu,kalitateko diskurtsoak eraiki behar ditugu normalizazioan eragiteko».

Norabide horretan, esperientziak ari dira martxan jartzen Euskal Herrian. Eusle metodologia deritzona erabiliz. Finkatutako harremanetan, eguneroko edo ohiko hizkuntzan gaztelaniatik euskarara gertatzen diren aldaketa prozesuak aztertu ditu Aldahitz ikerketak. 2015ean, Lutxo Egia idazleak hilabetea eman zuen gaztelaniaz hitz egin gabe Bilbon eta Egian Euskaraz Bizi Nahi Dut ekimenean, berriz, hainbat herritarrek, astebeteko txandetan, euskaraz bizitzeko ahalegina egin zuten. Esperientzia horiek Euskal Herriko luze zabalean errepikatu dira eta orain, Tolosan hartuko dute lekua.

Tolosako euskararen mahaiaren ekimena izango da eta herriko ikastetxeetako gurasoekin gauzatuko dute kanpaina, maiatzaren 8tik 26ra. «Gurasoen hizkuntza ohiturak aztertuta ikusi dugu umeekin bai, baina elkarren artean ez dutela euskara erabiltzen. Hortaz, ahal duten guztietan euskaraz egin ahal izan dezaten, guraso batzuk jardungo dute astebetez euskaraz. Ahal duten guztietan egingo dute, eremu guztietan eta uneoro. Hiru astez, txandaka-txandaka antolatuko dira».

Arnastu euskara 'Lipdub'-a

Gurasoen ekimena amaitu eta biharamunean, maiatzaren 27an, Tolosako Alde Zaharrean Arnastu euskara Lip dub-a grabatuko da eguerdian. Dinamizatzaileen hitzetan, «Tolosaldean, euskaraz arnasten dugu. Baina, euskarak ere arnasten du gurekin. Ekimenarekin arnasa hartzea da asmoa, eta bide batez bide berean jarraitzeko indarrak hartzea. Euskararen inguruan lanean ari den horrek ez dagoela bakarrik jakin behar du». Hats hartze bat izan nahi du ekimenak eta aldi berean, indar erakustaldi bat, kaleak «alaitu, koloreztatu eta arnasberritzeko», euskaraz.

Euskaltzaleen Topagunetik Euskarak 365 egun leloarekin urteak daramatzate euskararen ikusgarritasuna landu nahian. Mosaikoak, jaiak eta Lip Dub-ak antolatu izan dira. «Modu alaiena da eta ondo pasatzeaz gainera, eragin bisual bat izan dezakeena». Arnastu euskara aurkezteko prentsaurrekoan, «oraindik ekimena zer zen erabat jakin gabe», 70 lagun baino gehiago biltzea aurrekari positibotzat dute talde sustatzailekoek. Beraz, maiatzaren 27koa arrakastatsua izatea espero dute.

Lipdub-aren grabazioarekin amaituko al da dena? «Edo dena hasi. Arnastu euskara ez da ezerezetik sortzen eta ez da maiatzaren 28an berez desagertuko. Utziko du bere arrastoa», aipatu du Artolak. Galtzaundi Euskara Taldearen inguruan hainbat euskaltzalek abiatu duten bideari arnasa emango dio eta erakutsiko du Tolosaldeak euskaren inguruan duen posizionamendua. «Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasa beharko genuke. Konpromiso batzuk hartu eta ekin. Euskaren aldeko aktibistak bihurtu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!