Zein aurreikuspen duzue denboraldi hasiera honetan?
Egia esan, nahiko fuerte gaude. Beste taldeek aurreko urteetan egin dutena ikusiz gero, haiek ere fuerte daudela pentsatzen dut, nahiz eta ez dakigun nola ibiliko diren estropadetan. Zaila izango da, baina zerbait txukuna egin dezakegula uste dut.
Zein sentsaziorekin amaitu zenuten aurreko denboraldia?
Hasieran ez ginen oso ondo hasi baina gero, denboraldia aurrera joan ahala, hobetzen joan ginen. Betikoak hor aurrean egon ziren; azkenean, Orio gure aurretik geratu zen eta bigarren amaitu genuen. Sentsazio onekin amaitu genuen denboraldia, borrokan aritu ginen Oriorekin, eta Hernani eta Pasaiak ere lanak eman zizkiguten.
Helbururik baduzue denboraldi berrirako?
Banderaren bat irabazteko gogoa badugu. Helburu moduan, lehenengo hiru sailkatuen artean geratzea gustatuko litzaiguke. Gainerako aurkariak nola dauden ikusi beharko dugu, eta horren arabera ea zerbait txukun egiteko gai garen. Apirilera bitarte lehiatuko zarete ligan eta ondoren Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko txapelketak izango dira.
Azken horretara sailkatzeko esperantzarik baduzue?
Euskal Herritik lehenengo bi sailkatuak joaten dira, eta aurreko urtean hemengo talde batek irabazi zuela kontuan izanez gero, aurten hiru euskal talde joango dira Espainiakoetara. Gero, bigarren aukera ere badago sailkatzeko, beraz, Espainiako Estatuko txapelketara joateko aukera txiki bat ere badago laugarren geratuz gero. Hala ere, podiumeko postuetan amaitzea da sailkatzeko modurik onena.