«Aurrean ibiliko garela uste dut»

Igor Agirre 2017ko urtarrilaren 19a

Agustin Toledo TAK Arraun Taldeko entrenatzailea da. Elkarrizketa egin diogu:

Zein sentsaziorekin ekingo diozue denboraldi berriari?

Ni kadeteekin nabil. Iaz bigarren geratu ginen eta aurten, nire ustez, talde politagoa dugu. Denboraldi hasiera honetan ikusi beharko dugu beste ontziak nola dabiltzan, baina gogo handiekin hasiko dugu urtea. Talde oso polita dut aurten eta aukera asko dauzkat arraunlarietan.

Ia lehiatu gabe, zaila izango da sailkapenean zuen burua kokatzea ezta?

Nire ustez, gu aurrean ibiliko gara. Gero ikusi beharko da besteak nola dabiltzan. Iaz, oso ondo ibili ginen eta hala ere, Orio gu baino askoz gehiago izan zen. Orain dela gutxira arte euri gutxi egin du.

Nola joan da denboraldi-aurrea? 

Aurten suerte handia izan dugu. Iaz ere bi-hiru aste uretara sartu ezinean ibili ginen baina aurten ez, orain arte behintzat astero-astero entrenatu ahal izan dugu eta ezin gara kexatu.

Nola antolatzen dituzue entrenamenduak?

Guk orain arte Angel Larrañaga izan dugu hemen, orain Zarautzen entrenatzaile lanetan ari dena. Berak antolatzen zizkigun gutxi gorabehera entrenamenduak; astero-astero zer egin ekartzen zuen. Aurreko urteetakoa jasota dugu eta horko jarraibideei egiten diegu kasu. Orain arte astean lau egunetan entrenatu dugu eta orain, estropadak hasi direla eta, ea egun bat gehiago biltzeko aukera dugun.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!