Uretan dira dagoeneko TAK-Oriaren batelak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2017ko urtarrilaren 19a

Ekin diote denboraldiari TAK-Oria taldeko arraunlariek. 100 neska-mutil lehiatuko dira aurtengoan Tolosako taldearen babesean eta hamalau ontzirekin hartuko dute parte Gipuzkoako Batel Ligan.

Urtarrilaren 15ean ekin diote Gipuzkoako Batel Ligari TAK-Oria taldeko arraunlariek. Aurreko urteetako dinamikarekin jarraituz, 100 arraunlarirekin ekingo dio denboraldiari klubak eta horiei guztiei laguntza eskainiz 25 arduradun izango dira. Liga hasi baino astebete lehenago elkartu ziren arraunlari nahiz entrenatzaileak taldeko partaideen aurkezpena egiteko Oria ibaiaren ertzean. Taldeko argazkia atera ondoren, aurkezpen estropadak egin zituzten klubeko arraunlarien artean. 

Urtarrileko hirugarren asteburuan hasi da Gipuzkoako Batel Liga Zarauzko Arraun Elkarteak antolatutako estropadarekin eta apirilaren 2an, Getarian egingo den estropadara arte luzatuko da txapelketa. Ondoren, apirilaren 8an eta 9an, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da San Pedroko uretan eta Euskal Herriko Txapelketa, berriz, Legution (Araba) jokatuko da apirilaren 22an eta 23an. Espainiako Estatuko Txapelketara sailkatuz gero, apirileko azken asteburuan lehiatuko lirateke TAK-eko arraunlariak. Gipuzkoako Batel Ligak ere hitzordua izango du Tolosan. Zehazki, martxoan 19an, ligako 10. jardunaldia jokatuko da Oria ibaian, txapelketa amaitzeko beste hiru estropadaren faltan.

Ilusioz ekin diote denboraldi berriari TAK-Oria klubean. Taldea martxan jarri zenetik eskualdeko gazte ugariri arraunean hasteko aukera emateaz gain, arraunaren puntako txapelketetan lehiatzen ari diren arraunlari ugari eman ditu taldeak urte hauetan zehar. Aurten ere, guztira hamalau ontzirekin parte hartuko dute sailkapenetan TAK-ekoek: bina batel gizonezko eta emakumezko infantiletan, hiruna ontzi gizonezko nahiz emakumezko kadeteetan, ontzi bana jubenil mailako emakumeetan eta gizonezkoetan, eta senior mailan emakumezkoek beste batel bat aterako dute. Partaide horiekin guztiekin, Euskal Herri mailan harrobiko talde garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du TAK-Oriak. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!