Tolosa borborka

Babarrunaren Asteburua da honakoa eta aurkezpenean eskatu bezala, jende andana bildu da babarrunaren bueltan, bai Tolosa bertakoak eta baita kanpotik etorritako asko ere. Pixkanaka joan da San Frantzisko pasealekua eta Trianguloa betetzen, eta eguerdirako lapiko bete zegoen Tolosa.

Erraldoi eta buruhandiak, Udaberriko dantzariak, Azoka Berezia, txaranga... eta noski, babarrunak eta jaki preziatuaren lagun izaten diren odolki, txorizo eta bestelako osagaiak, gaur ez da inor falta Tolosan. Babarrunaren Festaren asteburuan gaude, bete betean, eta ohiko bazkariez gain, urteroko Babarrun Ekoizleen Lehiaketa eta Gabonetako Azokan egiten zen Odolki Lehiaketa egin dituzte.

Aurten gainera, Euskal Festa egiteko baliatu dute babarrunari eskainitako festa, eta bat baino gehiago animatu da artzain-andre jantzia armairutik ateratzera. Eguna Babarrun Ekoizleen Lehiaketako partaideek hasi dute. 07:30etarako hor ziren, Trianguloan prestatutako gunean. Besteren artean, Berrobiko Iriarte jatetxeko Felix Belauntzaran sukaldariak izan du babarrunak prestatzeko ardura, eta esan duenez, 24 ekoizleen babarrunak antzeko egosi dira. "Babarrun on batek salda loditu behar du eta azala leuna eduki behar du, ez dadila zakarra izan. Kolorea ere garrantzitsua da", esan du.

Babarrun ekoizleak Trianguloan zeuden bitartean, San Frantziskon Amarozko San Blas elkarteko kideak zeuden jo eta fuego. 12 odolkik hartu dute parte elkarteak antolatutako lehiaketan.

Babarrun Festaren inguruan hala ere, beste hainbat ekitaldi egon dira: Azoka Bereziak ohiko azokarekin egin du bat, buruhandi eta erraldoiak ibili dira kalejiran, baita Udaberriko dantzariak ere eta bertsolariak ere aritu dira Trianguloan. Tolosako Babarrunaren Kofradiako kideak ere lanean aritu dira goiz osoan, izan ere, zapiak saltzen aritu dira lehenik eta gero, eguerdia aldera, babarrunak banatzen aritu dira. Ilara luzeak egin dira gaurko protagonistak dastatzeko.

Alondegian HAZIk jarritako Basque Fest karpa ere ireki dute eguerdian, eta bertan euskal labeldun produktuak dastatzeko aukera dago.

Aipatu behar da, era berean, Babarrunaren Festak Gorren Sentsibilizazio Astearekin bat eginez, ekoizleen lehiaketako epaimahaian Gainditzen elkarteko kide batek hartu duela parte, eta ekitaldi guztietan interprete bat aritu dela zeinu hizkuntzan.

Egunak luze joko du oraindik; arratsaldean Kantu Jira egongo da Benta Zaharreko Mutiko Alaien eskutik, eta txarangak ere egongo dira. Bihar, berriz, Gure Kaiola Elkarteak antolatzen duen Babarrunaren XXX. Lehiaketa Gastronomikoa egongo da, herri bazkaria eta baita aizkora apustua zezen plazan.

Erlazionatuak

Babarrunik hoberena, Gaztelukoa

Gaztelu Tolosa

Aurtengoan Gazteluko babarrunek jaso dute saria. Babarrun Ekoizleen Lehiaketako lehen saria Gazteluko Iriarte baserriko Luis Angel Jauregik eskurat...
Beasaingoa da odolkirik onena

Tolosa

Amarozko San Blas elkarteko kideek 24. aldiz egin dute Odolki Lehiaketa. Aurreko urteetan Gabonetako Azoka Berezian egiten zuten, baina aurten, bab...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!