Babarrunik hoberena, Gaztelukoa

Aurtengoan Gazteluko babarrunek jaso dute saria. Babarrun Ekoizleen Lehiaketako lehen saria Gazteluko Iriarte baserriko Luis Angel Jauregik eskuratu du. Bere amak jaso du saria. Bigarren Legorretako Joxe Mujikak egin du eta hirugarren Albizurgo Juan Ugartemendiak.

Ehizatzera joan omen da gaurko sariduna, eta bere amak jaso du saria, txiripaz hala ere. "Ahizpak etorri direlako, bestela ez nintzen etorriko", esan du Babarrun Ekoizleen Lehiaketako sari nagusia irabazi duen Luis Angel Jauregiren amak. Pozik zegoen sariarekin Iriarte baserriko etxekoandrea. Orain hiru urte hasi ziren lehiaketan parte hartzen; iaz ez zuten saririk eskuratu eta aurreko urtean hirugarren egin zuten. "Beti izan dugu babarruna, baina kopuru nahikoa orain dela hiru urte arte ez dugu eduki", esan du. Sekreturik ez dutela ere azaldu du, "esaten dute babarruna beti leku berean erein ez geroz, lekua 'nekatu' egiten dela, eta aldatu behar dela, baina ez dakit, hori esaten dute". Lehorte dezente izan dutela ere esan du, baina ondoren euri pixka bat egin zuela, eta horrela moldatu direla. Gazteluko Iriarte baserriko Luis Angel Jauregik 200 euro, garaikurra eta txapela eskuratu ditu.

Bigarren eta hirugarren saridunak ezagunak dira jada, lehiaketan. Behin baino gehiagotan izan dira sarituak. Bigarren Legorretako Tokieder baserriko Joxe Mujikak egin du eta hirugarren Albizturgo Urreta Handi baserriko Juan Ugartemendiak. Bigarrenak 150 euro eta garaikurra eskuratu ditu eta hirugarrenak 100 euro eta garaikurra.

Enkantea

Lehiaketarekin batera, irabazi duen babarrunaren lakari baten enkantea izaten da eguneko protagonista, hau da, hiru kiloko enkantea. Biren artean egon da lehia, eta azkenean, Tolosako Lurlan Bistrot Dendak eraman du. 1.500 euro ordaindu ditu.

Dirua Haurkizuna Fundazioarentzat izan da. Fundazioak Ekuadorren martxan duen gizarte garapen proiektu bati laguntzeko erabiliko du dirua.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!