Hamarkada bat borobiltzen duen proiektua

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 5a, 13:46

Bonberenea Eclair egitasmoa aurkeztu dute, eta bertan izan dira proiektuarekin zein Bonberenearekin lotura duten hainbat pertsona.

"Kulturaren plataforma amaigabea" dela azaldu du Urki Colinas Bonbereneako kideak aurkezpenean.  Bonberenea Eclair izeneko DVDan "etxe honetatik pasa diren hainbat talderen emanaldiak jasotzen dira. Betirako gordetzen diren zuzenekoak biltzen dira, behin eta berriz ikusiko genituzkeenak, eta barrenak mugitzen dizkigutenak".

"Bizipenen bilduma" dela azaldu du Colinasek. "Kulturaren erakusle bat. Gozatzeko lan bat da. Nik ezingo nuke hitzez guzti honen sentimendua definitu, bizi egin behar da. Horretarako eskaintzen dizuegu produktu hau, zuek bizi dezazuen urteen poderioz egindakoa. Gurekin konpartitu dezazuen ilusioa eta ametsa, gurekin aurrera egin dezazuen eta etxe honetara zatozten guztietan ate hauek zeharkatzean ez zaizuen arrotza egin, zuena sentitu dezazuen hemen egiten den lana".  Aurrera begira, Colinasek azaldu duenez, "etorkizuna kulturan dagoenaren hautua egin dugunok badakigu ez dela bide erraza, oztopoz beteriko bide luzea dugu aurretik. Egoeraren menpe beti. Bonberenea etxearen hormetan jarritako dagoen moduan, '1997tik pausoz pauso autogestioan, oztopo guztien gainetik'. Izan piromano eta zabaldu sua".

Bonberenea Eclair proiektuari forma emateko, orain hamar urte Bonberenea Suffle egitasmoarentzako egin moduan, Rafa Gorrotxategi gozogile tolosarrari laguntza eskatu diote. "Ni beti hemengo gazteei laguntza emateko prest", azaldu du Gorrotxategik aurkezpenean. "Lana zuek jartzen duzue, nik bakarrik jarri dut ideiaren txinparta bat eta zuek egiten duzue lana". Orain 10 urte egindakoa ekarri du gogora: "Orduan suffle bat egitea proposatu nuen. Oraingo honetan pentsatu genuen beste zerbait egitea, eta orain gozoen munduan modan dagoen eclair-a etorri zitzaidan burura". Gozotegietan pastel mota hori txokolate zuriz edo beltzez ikusi ohi da, baina beste ideia batzuk proposatu ditu Gorrotxategik: "Nik ikusten dut Bonberenea kolorez beterikoa dela, alaia, eta horregatik pentsatu nuen beste alaitasun bat ematea gozoari, eta horrela atera dira kolorez beteriko eclair-ak".

Juantxo Arakama Glaukoma taldeko kideak ere hitz egin du aurkezpenean: "Niri gustatzen zait proiektu honetan hainbeste talde ezberdin ikustea, estilo ezberdinetakoak. Talde ezagunagoak edo ez izango dira, baina denak agertoki berdinean, eta denak baliabide berdinekin. Gero, ikustea zer talde pasa diren eta zurea hor dagoela ikusteak poz handia ematen du".

Natalia Garmendia Humus taldeko kideak azaldu duenez, "denak elkarrekin egotea gure pasioaren inguruan, musikaren inguruan, eta gauzak gure kabuz egiteko eta ondo egiteko aukera dagoela erakusten du proiektu honek". Garmendia gaineratu duenez, "hamar urte pasa dira Suflle-tik, eta urte gehiago hemen sartu ginenetik, eta horrek ematen digu bermea, hona egunero lanera etortzea eta gure baliabideak eta aukerak ematea nahi duen guztiei hau ezagutzeko. Hau egitea posible dela demostratzea izan da erronka handiena, hau egin dugula eta egingo dugula. Espero dut hemendik hamar urtera berriz hemen egotea". Ospakizun bat dela esan du, eta "bihotzez" eskertu du "egunero Bonberenean egiten den lana, bai musikari bezala, bai pertsona bezala eta baita kolektiboaren parte bezala ere".  

 

Erlazionatuak

Rocka eta gozoa bat eginik

Iñigo Terradillos 2016 aza 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!