"Tolosa ilun eta grisaren garaiaz asko ikasi dugu"

Iñigo Terradillos 2016ko aza. 4a, 08:03
Patxi Muñoa, Bonbereneako koordinatzailea.

Bi hamarkada betetzera doa. Denboraren joanak, ordea, ez du lasaitu Bonberenearen erritmoa. Bihar azken hamarkadan egin dituzten zuzenekoen lekukotza izan nahi duen lana kaleratuko dute, eta urteurrena disko, dokumental edota liburuz beteko dute. Elkarrizketen oso zalea ez dela aitortzen badu ere, ATARIArekin elkartu da Euskal Herrian erreferente bilakatu den proiektua koordinatzeaz arduratzen den Patxi Muñoa, hastapenez, orainaz nahiz etorkizunaz hitz egiteko.

Bonberenea zer den nola laburbilduko zenuke hitz gutxitan?

Autogestioa, auzolana eta okupazioa. Batik bat, autogestioa eta auzolana.

Gaur egun bertan zein ekimen burutzen duzue, batik bat?

Batetik, eta alderik ezagunena dela esan dezakeguna, kontzertuak eskaintzea, diskoen eta liburuen grabaketa eta argitaratzea. Bestetik, musika taldeak, Bonberenea txaranga, ikastaroak antolatzea sukaldaritza edota dantza, kasu, edo musika instrumentuena ere bai.

Ekimen horiek guztiak aurrera eramateko zenbat pertsona zaudete Bonberenean?

80 inguru gaude. 13 urtetatik hasi eta 45 urtera bitartekoak.

Adinean aniztasuna, beraz.

Bai. Belaunaldien arteko lotura betidanik izan da Bonberenearen ezaugarrietako bat. Oso garrantzitsua da guretzat, eta bide horretatik jarraitzen dugu. Autogestioa eta auzolanaren ondoren gure ezaugarri handienetarikoa da.

Zure kasuan, zein funtzio betetzen duzu?

Denetarik pixka bat, baina batik bat, koordinazioa egokitu zait niri. Beste batzuei beste lan mota batzuk egokitzen zaizkie, esaterako auzolanean gure azpiegiturak berritzea, musikaren irakaskuntza... Nire esparrua kontzertuen, diskoen eta liburuen mundua dela esango nuke.

Denboran atzera egin, eta 1997ra salto egingo dugu. Orain Bonberenea kokatua dagoen etxea laugarren okupazioaren ondorio da. Garai haiek gogoratzean zer datorkizu burura?

Gatazka baten irtenbidea izan zen hau guztia, herriko hutsune bati irtenbidea jarri nahi izatearen emaitza. Horretarako, erabaki gogorrenetakoa okupazioa da: ez baita etxe bat hartzea soilik, baizik eta, agintarien aurrean desobedientzia egiteko bidea da. Guretzat okupazioa une jakin bati aurre egiteko erreminta politikoa izan da. 1997 hartan, Tolosa ilun, gris eta beltz hartan, erabaki hori hartzea aukeratu genuen edota egokitu zitzaigun, eta gaur arte, ia 20 urte bete direlarik.



Nola zen duela 20 urteko Tolosa?

Tolosako tabernak, esaterako, gauez 01:30etarako ixten ziren. Lege lehorra aplikatzen zela zirudien, baina ez soilik asteburuetan tabernetan-eta egoteko, baita kontzertuak egiteko, eta edozein kultur alternatiba antolatzeko ere. Hori ikusita, horren aurka jotzea erabaki genuen. Jose Gurrutxaga zen alkate garai hartan, adinean nahiko aurrera eginda zegoen, eta erretirodunei zuzendutako herri bat nahi zuen. Eta guk, 20 urte inguruko gazteak izanik, beste herrietan zeuden ekimen batzuk gure herrian ere ikusi nahi genituen. Uste genuen eskubide osoa genuela hori aldarrikatzeko. Udalari ez genion exijitzen hori ematea, baizik eta, gure alternatiba errespetatzea.

Eta, errespetatu al zuen?

Ez. Horregatik, 1997ko azaroaren 5ean Tolosako suhiltzaileen egoitza izandakoa okupatu genuen. Handik zazpi egunera kanporatuak izan ginen. Hala ere, gure kultur eskaintzarekin jarraitu genuen, bai kultur etxean, bai tabernetan, baita Berdura plazan ere. Baina, argi genuen etxe edo egoitza baten beharra genuela. Horregatik, eta ikusita udalarekin ez zegoela inolako erlaziorik okupazioaren bidetik jarraitzea erabaki genuen. Hala, Igarondo zinema okupatu genuen, eta egunean bertan kanporatu gintuzten. Hurrengo egunean, abenduaren 23an, gaur egungo Topic-en egoitzan sartu ginen. Han Gabonak igaro genituen, eta urtarrilaren 7an kanporatu gintuzten.

Kanporatuak izan eta gero nola egiten zenuten aurrera?

Kanporatze baten ostean atsekabe edo beheraldia etor daitekeela pentsatzekoa da, baina, guk gure eskaintzarekin jarraitu genuen. Hori bai, udalak jarraitzen zuen horren atzean zegoen jendea nolabait jarraitzen, eta ertzainak nahiz udaltzainak atzetik izaten genituen. Egoera nahiko zitala zen, euren asmo bakarra gu kriminalizatzea baitzen.

Eta, orduan?

Hori guztia jakinda, ikusten genuen aukera alkate aldaketarena zen. Hauteskundeak izan ziren eta aldaketa eman zen. Antton Izagirrek hartu zuen alkatetza, eta gure proiektuaren berri eman genion. Udalak ez zuela gure eskura jartzeko lekurik esan zigun, baina, udalaren azpiegiturak erabili genitzakeela. Guk erantzun genion ordura arte ere erabili genituela. Besterik ez genuen behar! Kultur etxea, Beotibar edo Leidor ezin erabili ahal izatea! Guk gure espazioa behar genuen. 4-5 bilera egin genituen eta ikusita gaiari irtenbidea emateak ez zuela lehentasun berezirik, gure kabuz jarraitu genuen. San Esteban auzoko etxea ikusi genuen, udalari esan genion hutsa zegoela eta okupatu eta gure proiektua bertan garatuko genuela. Ez zuten begi txarrez ikusi, baina, ezta begi onez ere. San Esteban auzoan etxebizitza proiektu bat aurreikusita zegoela ohartarazi ziguten, eta hura garatzen bazen etxe hori utzi egin beharko genuela.

Hala ere, etxe horretan jarraitzea erabaki zenuten.

Bai. Behin etxea hartu genuenean, epe baterako izango zela uste genuen. Bagenekien aukerak ez zirela handiak, batez ere, kontuan hartuta aurreko okupazioetan udalak gurekin izan zuen jarrera, atxilotuak tarteko. Baina, gauza asko kontran izan arren, gure indarrak bertan jartzea erabaki genuen. Gure alternatiba herriari erakusteko unea zela ikusi genuen.

Zer da, oraindik ere, Bonbereneak faltan botatzen duena?

Herri honetan inongo elkarteri ez zaio jarri azken 50 urteetan Bonbereneari jarri zaion neurtzeko makila. Bidegabea izan zen. Inongo udalak ez du onartu garai hartan proiektuaren alde egin zuen jendeari egin zitzaion kaltea. Gure kasuak artxibatuta geratu ziren denboragatik, ez udalak erretiratzea erabaki zuelako. Alkate gehiago etorri ziren, baina, inork ez du gaitasuna izan gai honi irtenbidea emateko, eta ez dugu inoiz inongo alderditik babes zuzenik jaso. Batzuk egurra ematen zigutenean, besteek beste alde batera begiratzen zuten. Horregatik, garai hartaz asko ikasi dugu.


«HERRI HONI EMANDAKOA ETA GERO, ZER BUKATU BEHAR DUGU, EPAITEGI BATEAN?»

Gaur egun zein harreman duzue udalarekin?

Duela 10 urtetik hona harremana formalizatu egin dela esan daiteke. Errespetuzko harremana dugu, baina, beti ere, jarrerak mantenduz. Jokin Bildarratzek proiektu bat zuen eta porrot egin zuen, gero Ibai Iriarte etorri zen, eta berak ere auzo honen eta etxe honen proiektuarekin porrot egin zuen. Bildarratzek 1.000 etxebizitza baino gehiago egin nahi zituen San Estebanen, eta Bonberenea kentzea aurreikusten zuen; Olatz Peonek, berriz, 700 etxebizitza inguru egin nahi dituela dio, Bonberenea bertan mantenduz. Etxea geratzea nahi dute politikoki terreno hori irabazi egin zaielako. Zein baldintzetan geratzea nahi dute, ordea? Etxebizitza berri horiek guztiak inguruan dituela? Orduan kontzertuak ditugunean salaketak jarriko dizkigute bizilagunek. Hori da beraiek aurreikusten duten Bonberenearen etorkizuna.

Proiektuaren berri eman dizuenean zer erantzun diozue udalari?

Hiru bilera egin ditugu beraiekin, eta argi esan diegu ez garela hemendik mugituko eta proiektu horren aurka joango garela. Horren aurrean alternatiba bat aurkeztuko zigutela esan ziguten. Proposamenak entzuteko prest gaude, baina, badakigu EAJrekin ez garela ezertara iritsiko, ez baitute sekula izan gurekiko errespeturik.

Bonbereneak zer nahiko luke San Esteban auzoarentzat?

Guk esaten duguna da ez direla ez 500 ez eta 400 etxebizitza egingo. Auzo jasangarri baten aldeko hautua egiten dugu non elkarbizitza, natura eta aisia uztartuko diren. Proiektuarekin hasi ginenean epaitegietan ginen, bost urte geroago etxe bat mantentzen ari ginen, handik bost urtera, etxea botako zigutela esan ziguten, eta bost urte pasata, etxea geratu egingo zela esan ziguten. 20 urte betetzera goazen honetan, ikusi dugu borroka honek fase desberdinak izan dituela, eta esan dezakegu bukaerara arte joango garela, ondorio guztiekin. Galdera hau luzatu nahiko nieke: «Bonberok egin duena eta gero, Bonberok herri honi emandakoa eta gero, oraindik ere, zer bukatu behar dugu epaitegi batean?»

Zaila dirudi horretan pentsatzea.

Bai. Eta, beraiek ere zail ikusten dute, ezinezkoa. Beraiek proposatzen duten proiektuarekin ez gara bat etorriko, beraz, EAJk bere eraikitze enpresak martxan jartzen dituen unean ikusiko dugu zer gertatzen den. Olatz Peonek izango du momentu horretan erantzukizuna, horretaraino iristen bagara. Nik argi dudana da, 20 urte eta gero, gu ez garela hemendik aterako. Proiektu hori atzera botatzen dute edo mobilizazioak izango dira eta presionatu egingo dugu auzotarrek erabakitakoa errespeta dezaten eta auzoarekin adostutako proiektua aurrera eraman dezaten. Orain arteko proiektuen arabera oso gutxik errespetatu dute; Ibai Iriartek errespetatu zuen parte hartze prozesu bat irekita, baina, EAJk ez.

Auzotarrekin zer harreman du Bonbereneak?

Auzotarrekin harreman naturala, normala daukagu. Bilerak egin ditugunean alde bakoitzak bere jarrera azaltzen du. Auzoak badaki, argi du etorkizunean zein auzo izan nahi duen, eta uste dut udal honek ez duela hori errespetatu. Ikusiko da zer gertatzen den, eta auzotarrek ere zer egiten duten horren aurrean. Ez soilik Bonbereneak. Auzoaren barruan beste jende asko dago.

 

«ETXE BAT DUGULAKO EGIN AHAL IZAN DUGU»

Burutik pasako al zitzaizuen gaur egun Bonberenea den horretara iristea hasierako garai hartan? Nola lortzen da?

Askotan galdetu didate hori. Egunerokotasuna, iraunkortasuna eta gauzak egiteko gogoa dira gakoa.

Euskal Herriko zenbat musika talderekin duzu harremana?

Harremana eta lagun asko ere bai. Pentsa, 14 urterekin hasi nintzen ni kontzertuak egiten, eta gaur egun 40 urte ditut. Bonberenea okupatzen hasterako makina bat kontzertutara joandakoa eta egindakoa nintzen.

Zenbat kontzertu hartu ditu Bonbereneak?

Bere ia 20 urteko ibilbidean 1.200 kontzertu inguru egin ditugu. Tolosatik, eskualdetik edo Euskal Herritik ez ezik, munduko edozein bazterretako taldeak izan ditugu.

Eta, diskoak?

2002. urtetik 200 disko inguru grabatu ditugu. 80 talde ingururen diskoak dira. Eta, hemen ere, denetarik dago, bai bertakoa, bai eta atzerrikoa ere.

Zergatik jartzen dira talde horiek harremanetan Bonberenearekin euren diskoa bertan garatzeko?

Ahoz ahokoak asko esan nahi du hor. Eguneroko lana eta jarraikortasunaren ondorio da. Horrek egiten du jendeak zu hartzea kontuan. Hasieran zirkuitu horretan sartzea zaila da, ez zaitu inork ezagutzen, eta asko kostatzen da; baina urteetako lanaren poderioz lortzen den zerbait da. Harremanak asko lantzen ditugu. Esaterako, demagun Tokiotik datorrela talde bat. Guk kudeatu izan dugu taldea Madrilera iristean furgoneta bat taldekideen bila aireportura joatea, Bonbereneara ekartzea, lo egin bertan, eta hurrengo egunean kontzertu birarekin hastea. Hori, bereziki garai batean. Talde bat ekarri nahi bagenu hori guztia egin behar zen, edo bestela aukera gutxi zegoen taldea ekartzeko. Gaur egun, agian, ezagunagoak izanik eta kontzertu asko ditugunez, ez da hainbeste gertatzen. Noski, hori guztia posible egiteko lan talde handia eduki dugu, hizkuntzak menperatzen dituen pertsonekin, esaterako. Eta, hori guztia egiteko aukera izan dugu etxe bat dugulako.

Erlazionatuak

Rocka eta gozoa bat eginik

Iñigo Terradillos 2016 aza 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!