Rocka eta gozoa bat eginik

Iñigo Terradillos 2016ko aza. 4a, 08:05

'Bonberenea Eclair' DVD berria.

Bihar ikusiko du argia 'Bonberenea Eclair', azken hamarkadaren lekukotza izan nahi duen lan berriak.

Bonberenearen kultur eskaintza etenik gabekoa da, eta horren erakusle da bertan ekoizten duten diskoen zenbakia edota oholtzatik igarotzen diren taldeen kopurua. Astebururo askotariko musika taldeen kontzertuak hartzen ditu, eta zuzeneko emanaldiek duten indar berezi horren aztarna gordeta gera dadin, lan berria kaleratzea pentsatu zuten. Bonberenea Eclair izenburupean azken 5-6 urteetan Bonberenean grabatutako kontzertuen aukeraketa bat egin dute. Bihar argia ikusiko duen DVD berria «Euskal Rockaren eta Bonberenearen ibilbidearen lekukotza txiki bat» da egileen esanetan.

2006. urtean kaleratu zuten Bonberenea Suffle diskoaren jarraipena da lan berria. Bonbereneatik talde ugari igarotzen ari zirela ikusita eta horiek egiten zuten ekarpenaz jabetuta, nonbait islatuta geratzearen beharra ikusi zuten. Lehenengo lan horretan, Berri Txarrak, Kuraia, Señor No, Eraso... orotara 33 taldek hartu zuten parte, bakoitzak bere zuzeneko emanaldietako abesti batekin. Hamar urte geroago Bonberenearen bigarren hamarkadaren bilduma egin nahi izan dute.

DVD berri horretan, Bonberenea Txaranga, Humus eta Glaukoma «etxekoak» diren taldeak ikusiko ditugu, eta gainerakoetan saiatu dira aurreko lanean zeuden taldeak ez errepikatzen. Hala, Belako, Anestesia, Estricalla, Manolo Kabezabolo, No More Lies edota Kashbad bezalako taldeen zuzenekoak izango dira, besteak beste. «Denetarik pixka bat».

Euskal Herriko musikagintzaren «argazki dinamikoa» eskaintzen duen lan honek, badu beste berezitasun bat, diseinua. Suffle-aren bidetik, gozoez beteriko kaxa bat irudikatu dute, eta bertan sei eclair edo pasteltxo jarri dituzte aukeran. Lehendabiziko lanarekin egin bezala, Rafa Gorrotxategi gozogile tolosarrarekin elkarlanean egin dute. «Rocka eta gozogintza bateratu ezinak dirudite, baina argi dago ezetz», azaldu du Patxi Muñoak. «Tolosan gaude, Xaxuak Gorrotxategirenak, Tejak eta Zigarriloak Ezeizarenak, eta Bonberenearena, berriz, Sufflea eta Eclair-a. Txantxa moduko horretatik dator honen guztiaren hasiera».

Gorrotxategiri ideia azaldu ziotenean duela hamar urte, asko gustatu zitzaion, eta bigarren hamarkadari buruzko lana kaleratzeko orduan ere berarekin jarri dira harremanetan, eta «gogoz» egin du. Izenaren inguruan ari zirenean, «Suffle2?» galdetu zioten, eta Gorrotxategik berak proposatu zien Bonberenea Eclair izena.

Pastelen ideia Rafa Gorrotxategirena da, beraz, eta beste guztia, kontzertuak grabatu, muntatu, audioak grabatu, nahastu, promozioa, banaketa, pastelen kaxaren ideia... guztia Bonbereneak egina eta kudeatua izan da. Emaitza Bonberenearen atarian eskura daiteke bihartik aurrera. «Dastatzen duenak gauza bereziak sentituko ditu!», aurreratu dute Bonbereneatik.

Urteurrenean begia jarrita

Abenduan 19 urte egingo ditu Bonbereneak. 2017an, beraz, 20. urteurrenean sartuko dira, eta urte osoko egitaraua dute aurreikusita, «behar bezala ospatzeko». Aurreikuspenak egitea, eta ekimenak aurrez prestatzea izan ohi da Bonbereneakoen ohiko jarduna. «Normalean sei hilabeteetako aurreikuspenak egin ohi ditugu, baina, kasu honetan, urteurren borobila dela kontuan hartuta, urte osorako hainbat ekimen pentsatu ditugu», azaldu du Bonbereneako koordinatzaileak.

2017an izango direnen artean, Bonberenea Txarangak inauterietako kantuekin kaleratuko duen disko berria dago. Glaukoma taldeak, berriz, lan berria kaleratuko du, eta maiatzerako, Bonberenea oztopo guztien gainetik duela 15 urte egin zuten lehendabiziko bilduma haren ondorena iritsiko da. «20 urte hauen beste bilduma bat kaleratzea pentsatu dugu; bertan, Bonberenea Ekintzak-en parte hartu duten talde guztiak izango dira, 28 talde inguru», azaldu du Muñoak.

Bestalde, udaren bueltan Bonberenea Sutan berri bat egingo dute, eta udazkenean, 20 urteak bilduko dituen liburua kaleratzea ere aurreikusi dute. Urteurrena borobiltzeko, abenduaren 23an, hau da, urteurrenaren egunean, Bonberenearen dokumentala aurkeztuko dute. Horiek dira datorren urterako pentsatuta dituztenak, baina, sorpresa gehiago izango direla diote. Eta, hori bai, horiekin batera, ohiko lanekin ere jarraituko dutela.

 

BONBERENEA ECLAIR

Egilea. Bonberenea.

Lana. Zuzeneko DVD bilduma.

Taldeak. Anestesia, Estricalla, Manolo Kabezabolo, No More Lies, Betunizer, Bullet Proof Lovers, Capsula, Atom Rhumba, Belako, El Columpio Asesino, Kashbad, Governors, Anger, Humus, Glaukoma, Nueva Vulcano, Dinero, Minor Empires, Viva Belgrado, Bonberenea Txaranga.

Salneurria. 12 euro.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!