Iritsi da 2027ko Tolosaren lerroak marrazteko unea

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 4a, 16:49

Olatz Peon alkatearekin batera, udaleko teknikarien parte hartu dute agerraldian.

Tolosatzen parte hartze prozesua joan den apirilean hasi zen, eta lehen bi faseak bildu dituzte 2016ko Argazki Partekatua dokumentuan; orain, 2017rako proiektu zehatzak eta hurrengo 10 urteetarako lan-ildoak zehaztu dituzte.

Joan den martxoan "gobernantza eredu berri bat" aurkeztu zuen Tolosako Udalak, hiriaren etorkizuna parte hartze prozesu baten bitartez erabakitzeko. Hiru fase nagusi iragarri zituzten eta, lehen biak biribilduta, udalak liburuxka bat argitaratu du, prozesuari ahotsa eta iritzia eman dioten guztien ekarpenekin: Tolosaren 2016ko Argazki Partekatua.

500 ale banatuko dituzte parte-hartzaile eta interesdunen artean, eta udalaren webgunean informazio zabalagoa eskuragarri da. Besteak beste, prozesua elikatu duten "hiru munduen" ekarpenak xehatuta irakurtzeko aukera izango da atari horretan: "Herritarren iritzia, teknikariena eta politikariena jaso ditugu, eta liburuxkan sartu ezin izan ditugun hainbat ekarpen ere badaude", azaldu du Iñigo Muñozek.

Hain zuzen ere horren harira, Tolosako EH Bilduk "zalantzak" azaldu ditu Tolosatzen prozesuaren inguruan, eta "gardentasun falta" salatu dute, beren ekarpen guztiak webgunean "bildu ez dituztelako".

Lau esparru eta etorkizun bat

Informazio hori guztia da hirugarren faseari ekin eta aurrera egiteko oinarria, Olatz Peon alkateak azaldu duenez: "Lehen fasea izan da prozesuaren berrikuntza nabarmenena, eta bertan mekanismo arauak eta etorkizuneko lehen ikuspegia zehaztu zituzten. Bigarren fasean, berriz, ekainetik irailera bitarte, herritar, eragile, teknikari nahiz alderdi politikoek diagnosi fasea mamitu zuten, alorrez alor zenbait ondorio zehaztuz, eta berau da argitalpenak bildu duena".

Alkateak "jauzi kualitatibotzat" jo du prozesua, tolosar guztiak "erabateko herri elkarrizketa batean" daudela iritziz: "Herritarren eguneroko beharrei modu eraginkor eta parte-hartzaile batean aurre egingo diegu, elkarlanean eta adostasunean".

Lau esparru bereizi dituzte Tolosatzen parte hartze prozesuan: Pertsonak; Kultura eta Hezkuntza; Ingurumena eta lurralde antolaketa; Ekonomia. Baina, sektore horien gainetik, ideia, proposamen, iritzi eta ekarpen guztiak gidatu dituen irizpide bat ezinbestekoa izan da Tolosatzen proiektuan: "Genero ikuspegia landu eta barneratu duen lehen plan estrategikoa da Tolosatzen, eta sektore bakoitzeko lanketa bakoitza zehar-lerro hori kontuan hartuta egin dugu", azaldu dute teknikariek.

Hain justu, zehar-lerro horien eta lau multzo horien gainean eraikiko dute hirugarren fasea ere; erabakiak gorpuztuko dituen fasea. Bi hitzordu zehaztu dituzte datozen asteetan. Lehena azaroaren 8an izango da, asteartearekin, 19:00etan, kultur etxean, eta datozen 10 urteetarako lan ildo nagusiak finkatzea izango da jomuga, esparruz esparru. Hilaren 15ean, berriz, ordu eta leku berean, 2017. urteko aurrekontuan txertatu beharreko jarduera edo proiektu zehatzak zein izango diren erabakiko dute.

Ekarpenei, ateak zabalik

Tolosarrek hainbat modu eta bide izan dituzte, joan den apirilaz geroztik, Tolosatzen prozesuan beren iritzia emateko. Talde sustatzailean lanari ekin zioten 35 herritar inguruk, baina beste askok plataforma birtualen bitartez ere beren ikuskera helarazi nahi izan diote udalari. Horrela, argitaraturiko liburuxkan eskerrak eman nahi izan dizkiete guztiei.

Horren harira, prozesuan oraindik parte hartu ez duten herritarrei dei egin nahi izan die udalak: "Hurrengo bi hitzordu horietan gai zehatzak jorratuko ditugu eta, aurrekoekin batera, jende berria bertaratzea espero dugu, proiektuak urratsez urrats handitzen doan zerbait izan nahi baitu. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta aberatsagoa izango da", azaldu du Garikoitz Lekuona parte hartze teknikariak.

Erlazionatuak

Gutuna: "Tolosatzen"

Tolosaldeko Ataria 2016 aza 07 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!