Gutuna: "Tolosatzen"

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 7a, 09:45

‘Tolosatzen’ une benetan garrantzitsuan dago. Hamar urtera begira Tolosaren plangintza estrategikoa finkatuko da, xedeak definitu, eta 2017ko ekintza plana zehaztu.

Lehenik eta behin, 'Partaidetza, Gardentasuna eta Informazioaren Gizartea' sailak eskerrak eman nahi dizkie tolosatzen proiektuan parte hartzen duten herritar, tekniko eta alderdi guztiei (EAJ, PSOE-EE, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu), eta balekoak dira emandako ekarpen eta iritzi oro, baita zalantzak ere.

Tolosatzenen hirugarren fasean murgiltzear gara, eta orain aurkezten dugun txostena, “Tolosako 2016ko Argazki Partekatua”, hasiera faseak biltzen dituen lehen alea da, ezarritako oinarrien berri ematen duena. Hirugarren fasea amaitzearekin batera 2. alea argitaratuko da: herritarrak, udalak eta alderdi politikoek modu partekatuan definitutako plangintza estrategikoa barneratuko duena. Gida gisako plangintza izanik, udaleko sail guztiek bertan definitutako xedeak lortzea edukiko dute helburu hurrengo 10 urteetan. Horren harira, eta gardentasunaren ikur izanik Tolosako udala, prestatzen ari garen webgune berrian sail bakoitzak xede bakoitzarekiko duen betetze maila adieraziko da.

Proiektuaren bertutea, modu partekatuan ematen diren pausuetan adostasunak lortzeko mekanikan datza, eta orain arte herritarren, udalaren eta alderdi ezberdinen artean lortutako adostasunezko ikuspegi eta argazkia balioan jarri nahi dugu. Prozesuaren diseinuaren ardatzean herritarrak jarriz, arderdien arteko gatazkak kanpo geratu dira.

EH Bildu alderdiari saileko batzordeetan azaldu zaion eran, beraien ekarpen guztiak, gainontzekoenak bezala, zalantzak barne, udalak duen webguneko Tolosatzen atalean publikatuta daude. Eskuragarri. Urtebeteko prozesu baten baitan parte-hartzaile guztiek egindako lanetik sortu den liburuxkan ekarpen ezberdinak ere jasota daude, herritarren, udaleko teknikoen eta politikoen ekarpen komunak hain zuzen.

Erronka honek dituen zailtasunen gainetik, berriro ere udal gobernuaren eskerrik beroena adierazi nahi diegu alderdi politiko guztiei gauzatzen ari diren esfortzuagatik, inbolukrazio osoz jokatzen ari diren teknikari guztiei eta bereziki modu batera edo bestera parte hartzen ari diren herritarrei.

 

Joseba Ormazabal, Tolosako udaleko 'Partaidetza, Gardentasuna eta Informazioaren Gizartea' saileko zinegotzi arduraduna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!