EH Bilduk "zalantzak" azaldu ditu Tolosatzenen inguruan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko azaroaren 4a

Beren ekarpenak Tolosatzen-en webgunean ez zintzilikatu izana salatu du koalizioak.

Parte hartzeak "politika egiteko modu bat" izan behar du EH Bilduren ustez, baina, azaldu dutenez, beren ereduak ez du bat egiten EAJren eta PSE-EEren udal gobernuaren ereduarekin. Bide horretan, Tolosatzen prozesuak zenbait zalantza sortu dizkiela azpimarratu du koalizioak.

Batetik, Tolosatzen prozesutik ateratako dokumentua aholku-emailea izango ote den, edo erabakitzailea izango ote den jakin nahi dute eta, horren harira, parte-hartze prozesuan erabakitako zerbaitek udaleko beste planen batekin talka egiten badu, nagusituko den dokumentua zein izango ote den ere bai. Modu berean, EH Bilduk Tolosatzen prozesuko zenbait ikuspegi "antagonikotzat" jo ditu, eta horiek kudeatzeko metodologiak ezagutu nahi ditu.

Zalantza horiek zerrendatu eta gero, oposizioko kideek "gardentasun falta" salatu dute, beren ekarpenaren harira: "Diagnostikoari alderdien ekarpenak egitea eskatu zutenean, EH Bilduk ekarpen dokumentua idatzi eta entregatu zuen, ekarpen hori lehen faseko diagnostiko txostenean biltzeko eskatuz. Aipaturiko dokumentua udaleko webguneko txoko batean zintzilikatu dute. Ez, ordea, aurkeztu berri duten diagnosiko txosten nagusian. Herritarrek informazioa gardentasunez eskuratzeko eskubidea dutenez, beharrezko ikusten dugu arduradun politiko guztien iruzkinak tolosar guztien eskura jartzea".

Zalantzak zalantza, EH Bilduk prozesuan parte hartzen jarraituko duela zehaztu du: "EAJri eta PSE-EEri eskua luzatuko diegu beste behin, parte hartze prozesu homologatuak garatzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!