Ildefonso Alustizaren gorpua topatu dute

Ataria 2016ko apirilaren 15a

Argazkia: Urola-Kostako Hitza

Azpeitiko Izarraitz auzoko belardietan, Otzaka baserri inguruan, topatu dute Ildefonso Alustiza 84 urteko frantziskotarraren gorpua, gaur bazkalondoan, 13:30ak aldean.

Inguruan jolasean zebiltzan bi umek aurkitu dute gorpua, zuhaixka batzuen artean. Ertzaintzak baieztatu du hilotza Ildefonso Alustizarena dela. Segurtasun Sailak Tolosaldeko Ataria-ri jakinarazi dionez, hasiera batean, gorpuak ez du indarkeria zantzurik, dena den, autopsia egingo diote.

Apirilaren 3an desagertu zen Alustiza, Tolosako komentuko 84 urteko frantziskotarra. Egun horretan, Loiolan bazkaltzen izan zen, familian. Azpeitian bertan bizi zen arreba bati bisita egitera zihoala esanda jatetxetik irten zenean galdu zuten haren arrastoa.

Hurrengo egunean bertan hasi zituzten bilaketa lanak eta apirilaren 5ean topatu zuten bere autoa, Azpeitiko Urola kalean. Joan den astelehenean, eta astebete emaitzarik lortu gabe aritu ostean, bilaketa lanak bertan behera utzi zituzten larrialdi zerbitzuek. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!