Desagertuta dagoen frantziskotarraren autoa topatu dute Azpeitian

Ataria 2016ko apirilaren 5a

Urola Kostako Hitzak zabaldu duenez, Azpeitiko Urola kalean aurkitu du Udaltzaingoak Idelfonso Alustiza tolosar frantziskotarraren autoa. 

Igandetik desagertuta dago Alustiza, eta tolosarraren autoa aurkitu du Azpeitiko Udaltzaingoak gaur, asteartea, goizeko 10:50ak inguruan, Azpeitiko Urola kalean. Autoa aurkitu badute ere ez da Alustiza frantziskotarraren arrastorik.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez larrialdi zerbitzuek bilaketa dispositiboa jarri dute martxan. Ertzaintza, Gurutze Gorria, DYA eta Babes Zibileko kideez gain, mendi eta urpeko erreskateko unitateak ere ari dira bilaketa lanetan, txakurren laguntzaz. Helikoptero bat ere mobilizatu du poliziak. 

Igandean Loiola Hotelean bazkaldu zuen senideekin, eta handik atera zenetik ez dute haren berririk. Azpeitiko Adinekoen Zentroan bizi den arrebari bisita egitera zihoala aipatu zuen, baina ez zen agertu. Loiola eta Urola Kalearen arteko errepide ingurak miatzen ibili da Ertzaintza, baita Tolosa eta Azpeitia arteko bi bideak: Udana eta Urraki. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!