Ezpala Gaztetxea

TGA: «Geure burua Euskal Herria plazako lokalean ikusten dugu»

Ataria 2016ko martxoaren 22a

Gazte Asanbladak berretsi du ez dela Kultur Etxetik aterako "udalak Euskal Herria plazan aukera bat eman arte". Firma bilketa ere abiatu dute. Bien bitartean, udal gobernuaren proposamena aztertzen jarraituko dute.

Komunikabideei igorritako ohar batean Tolosako Gazte Asanbladak azaldu du, Euskal Herria plazan, Topic ondoan dagoen lokalean ikusten duela bere burua, eta "udalak bertan aukera bat eman arte" ez direla kultur etxetik aterako. Modu horretara erantzun dio asanbladak, behin behinean, udalak atzo egindako eskaintzari.

Izan ere, gaur goizean Tolosaldeko Atariak aurreratu moduan, udal gobernuak proposamena luzatu zien gazteei atzo iluntzean egindako bilera batean. TGAk azpimarratu du proposamen hori "aztertzen" ari direla oraindik, baina balorazio hori amaitu bitartean kultur etxean jarraituko dutela berretsi dute.

Firma bilketa abiatu dute

Bien bitartean, gazteak atxikimendu bila hasi dira, beren proiektua Euskal Herria plazako lokalean garatzeko aukera izan dezaten eskatuz. "Gure proiektua aurrera eramateko gunea lokal hori da, espazio eta kokapen aldetik guretzat ezinhobea delako. Argi dugu bertako ordutegiak bizilagunekin adostuak izango liratekeela", azaldu dute oharrean.

Udalak, ordea, bestelako asmoak ditu lokal horretarako, ostalaritza proiektu bat garatzea, hain zuzen. Gazteen proiektua "kontutan hartzea" eskatu du TGAk, "askoz ere herritarragoa" dela argudiatuta. 

Sinadura bilketa change.org webgunean abiatu dute, eta norbanako zein eragileei zabaldu die deialdia. Halaber, kalean ere izango direla azaldu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!