"Akusazio faltsuak" jasotzen ari direla salatu dute TGAko kideek

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 4a, 19:29

Irudian, Tolosako Gazte Asanbladak udaletxeko arkupean eskaini duten agerraldiko une bat.

Ezpalako eta Limousin etxeko aferen harira, zenbait gazte deklaratzera deitu dituzte asteotan; astelehenean udaleko erregistroan aurkeztuko dute beren proiektu autogestionatuaren txostena.

Gaztetxea lortu arte ez dira geldituko. Halaxe ekin diote, Tolosako Gazte Asanbladako kideek, iluntzean eskaini duten agerraldiari. Udaletxeko arkupean egin diete hitzordua komunikabideei eta, besteak beste, "ondorio larriak izan ditzakeen prozesu judiziala martxan dela" salatu dute.

Batetik, Larramendi auzoan –uztailean– eta Izaskungo aldapan –abenduan– okupaturiko eraikinen hustutzeek ekarritako ika-miken harira, lau pertsonak epaitegian deklaratu behar izan dute, asalbladako kide Julen Arburua eta Aitor Arroyok azaldu dutenez. Bide beretik, Limousin etxeko okupazioaren auzian identifikaturiko zenbait gazte ere epaitegira deitu dituzte jada: "30 gazte identifikatu zituzten, eta horietatik bi deklaratzera deitu dituzte jada, akusazio faltsuetan oinarrituta".

Horren harira, aipaturiko gazteek Ertzaintzaren aldetik "mehatxuak, presioak eta salaketa bidegabeak jasan dituztela" ere gaitzetsi dute eskainitako agerraldian, ondorio larriak aurreikusten dituztela zehaztuz: "Bide penal zein administratibotik salatuko dugu Ertzaintzaren jarrera, eta baita EAJren isiltasun konplizea ere; lotsagarria da oraindik Limousineko gertakarien inguruan adierazpenik egin ez izana".

Autogestioaren bila

Tolosarako bestelako ereduak eskainiko dituen gune anitza sortu nahi du Tolosako Gazte Asanbladak eta, bide horretan, Limousin etxea okupatzea izan zen azken saiakera. Ordu gutxiren buruan hustuarazi zuten eraikinaren ataria, ordea, eta udalak prentsa ohar bitartez jakinarazi zuen, Pedro Tolosa etorbide hasierako etxean "herriaren garapenerako proiektu finko bat garatzen" ari zela. 

Horrela, aste honetan plazaratu berri dute Limousin etxea co-working espazio bilakatzeko asmoa, Oriaburu izenburupean. Tolosa&Co merkatari eta ostalarien elkarteari lehen bulegoa eskaini diote lankidetza hitzarmenaren ondorioz, eta "Lehiberriko hazitegien bide bertsuari jarraituz, etxea enpresa txikien elkargune izatearen bideragarritasuna aztertzen" ari direla nabarmendu zuen Olatz Peon alkateak.

Gazte asanbladak erabat gaitzetsi du udalaren erabakia eta, areago, "joko zikina" izan dela azpimarratu dute: "Guri landutako proiektu bat eskatzen diguten bitartean, azkar egin dituzte etxeko lanak, kasualitatea! Batzuentzat dena eta besteentzat ezer ez?".

Dena den, beren jomugei eutsi eta astelehenean bertan autogestioa ardatz duen proiektuaren txostena udal erregistroan aurkeztuko dutela jakinarazi dute, udalari eraikin bat eskatzeko. Beren filosofia zehaztearekin batera, "gune autogestionatuak sor lezakeen soinua kontrolpean izateko eta ingurumena zaintzeko prestutasuna" dutela azaldu dute, bizilagunekin biltzeko asmoa nabarmenduz. Horrekin batera, gazteen balizko espazioak herriaren erdigunetik gertu egon beharko lukeela uste dute, eta balio anitzeko gela bat baino gehiago beharko lituzketela, "askotariko jarduerak antolatu ahal izateko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!