Bost puntuko prentsa oharra helarazi die Tolosako Udal Gobernuak komunikabideei. Bertan bost ideia nagusi azpimarratu ditu:
- Udalaren zeregin oinarrizkoenetakoa udal ordenantzak betearaztea dela, herritarren elkarbizitza egoki eta positiboa ahalbideratuz.
- Tolosar guztien ondare publikoa babestu behar duela.
- Udal gobernuak ez duela babestuko okupazioaren bidea.
- Lankidetzan oinarritutako proiektu batean aurrera egiteko prest dagoela, beste edozein elkarte eta kolektiborekin egin ohi duen moduan, beti ere proiektu sendoekin udalera zuzentzen badira.
- Limousin etxeak baduela herriaren garapenerako helburu finko bat eta horren lanketan ari dela egun udala, eta lanketa amaitu bezain pronto eztabaidatua eta onartua izango dela.
Helburu ona, bide okerra
Bestalde, udal gobernuak Tolosako Gazte Asanbladak hautatutako bidea okerra dela azaldu du: "Helburu onena duen proiektuak sinesgarritasuna galdu dezake, helburu horiek lortzeko bide okerrak hartzen badira. Helburuak lortzeko indarra baino egokiagoa da bide demokratikoaren lanketan indarrak jartzea eta elkar ulermenerako borondateak bultzatzea, kontutan izanik norbanakoaren askatasun eskubidea bestearena hasten den tokian amaitzen dela".
Zentzu horretan, "irmo" salatu ditu urtarrilaren 14an udal arkupetan egindako prentsaurrekoaren ondoren aurpegia estalita zuten lau gaztek simaurra bota izana: "Tolosar guztiona den udaletxean, herriaren borondatea ordezkatzen duen etxea delako eta hori horrela izan dadin herritar askok lan handia egin duelako".
Azarotik harremanetan
Horrez gain, prentsa oharrean udal gobernuak zehazten du azaroan alkatetzan egindako bilera batean aurkeztu zuela Tolosako Gazte Asanbladak gaztetxe baten proiektua garatzeko espazio baten eskakizuna. Abenduan, berriz, gazteek "orri bakar bat" aurkeztu zutela dio oharrak, "espazioaren baldintzak adieraziz, baina proiektua garatu gabe".
Erantzuna jaso aurretik, "tolosar baten jabetza pribatuko lokal batean legezkoa ez den okupazio bat" egin zutela diote udal ordezkariek. Pasa den ostiralean, berriz, asanbladako hiru gaztek Olatz Peon alkatearekin eta Patxi Amantegi alkateordearekin bilera egin zutela adierazten du, eta bertan "elkarlanerako proposamena" luzatu zitzaiela gazteei.