Ezpala Gaztetxea

Desalojatu egin dute Ezpala gaztetxea, "agindurik gabe"

Tolosaldeko Ataria 2016ko urtarrilaren 13a

Goizaldeko 04:30ean bertaratu da Ertzaintza gaztetxera, eta bi orduren bueltan ekin diote husteari; objektu eta altzariak ateratzen ari dira orain. 

Joan den abenduaren 23an okupatu zuen, Tolosako Gazte Asanbladak, Izaskungo igoeran dagoen lantegi zahar bat. Beren proiektua bertan finkatu eta, Gabonetako hitzordu seinalatuak pasata, proiektua egonkortzea zen gazteen helbururik behinena, lantegia txukunduz. 

Gazteak eraikina husteko arriskuaren jakitun ziren, baina jabearekin negoziazio batera iritsi nahi zuten: "Badakigu arrisku hori badela, baina badakigu ez dutela Ezpala di-da batean, bat-batean, hustuko; prozesu luzeagoa izango da, pauso judizial guztiekin", zioten, atzo bertan, asanbladako kideek.

Baina ezustekoa 04:30ean iritsi da, gaur, Ertzaintza gaztetxearen ingurumarietara bertaratu denean. Tolosako Gazte Asanbladak azaldu duenez, bi orduz han inguruan ibili, eta 06:30ean ekin diote desalojoari. Barruan erresistentzia txanda egiten ari ziren hainbat gazte zeuden.

Une honetan altzariak ateratzen ari dira eta, asanbladako kideek jakinarazi dutenez, "desalojo agindurik gabe hustu dute gaztetxea". Agindua eskatutakoan, berriz, honakoa erantzun diete ertzainek: "Zuek ere baimena eskatu behar zenuten sartzeko!". Asanbladako beste hainbat gazte, berriz, barruan zeudenei babesa ematera gerturatu dira.

Gazteen kaleratzea jarraitu eta horren inguruko mezuak idazteko, #EzpalaAurrera traola erabiltzeko deia egin dute Tolosako Gazte Asanbladako kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!