Gero eta gehiago gara autokudeaketaren alde gauden gazteok eta, aldiz, erakunde publikoek, lagundu beharrean, trabak eta oztopoak jartzen dituzte, aldiro-aldiro; Ezpala proiektu berri eta zabalaren gunea ere itxi egin dute.
Gazteen parte hartzea eta antolakuntza dinamikoak posible egiten fituzten gune horiek, eta horien defentsa irmoa egiten dugu Gazte Abertzaleak-etik: hainbat ekimen antolatzen dituzten guneak; talde anitzak elkartzeko aukera ematen dutenak; gure herrietako sorkuntza dinamika libreak sustatzen dituztenak, irekita eta bizirik jarraitu behar dute. Eta, batez ere, erakunde publikoek horiek islatu behar dituzte beraien egunerokotasunean.
Gure ustez, hauteskundeen ostean irekitako abagunean, talde politikoek, tokian-tokian, jarrera baikorrak sustatu behar dituzte, horrelako guneak zabaldu eta mantentzeari begira. Herri-eredu berri bat helburu izanda, gakoa da autokudeaketaren gaia gazteen antolaketaren berezko esparru bilakatzea: kontsumismoan oinarritutako ezintasun funtzionalari bizkarra ematen dio, eta proposamen sortzaile eta dinamikoari harrera egin, krisialdian nahiz krisirik gabe, gizartean egoera zailenetakoa bizi duen sektorearen eskutik: gazteak.
Gizarteari autokritika egiten dion gazteria aktibo, konprometitu, anitz eta solidarioaren alde egiten jarraituko dugu.
GORA GUNE AUTOGESTIONATUAK! GORA EZPALA!