Gaur goizean Tolosako Ezpala gune autogestionatu berria desalojatu du Ertzaintzak. Gainera, bertako gazteek salatu dutenez, hustutze hau dagokion epailearen agindurik erakutsi gabe eman da.
Urteak hutsik zeramatzan lantegi zaharra abenduaren 23an izan zen okupatua eta horri esker, ordutik hona, ia hilabetez, ez da izan egunik, kultur jarduerarik antolatu ez denik bertan.
Sarritan aipatu ditugu gazteen eskubideak bermatzeak eta beraien parte hartzea sustatzeak duen garrantzia. Honela, Tolosako Gazte Asanbladako kideak, autogestioaz horixe bera eskaintzen hasiak ziren herriari, aurrez itxia, erabilerarik gabe zegoen espazio bati bizia ematen.
Honen aurrean Tolosako EHBilduk ondorengoa adierazi nahi du:
-
Gure babes osoa dutela Ezpala gaztetxearen baitan lan egiten duten gazte guztiek.
-
Gazteek beren aisia eta proiektuak garatzeko espazio autogestionatuak izateko eskubide osoa dutela, are gehiago hutsik dauden guneei bizia emateko.
-
Tolosako Gazte Asanbladaren jarrera txalotu nahi dugu, izan ere, gazteek bere aldetik, jabeekin harremanetan jarri dira eta adostasunera iristeko erabateko borondatea erakutsi dute.
-
Gure kezka agertu nahi dugu desalojoa aurrera eramateko erabili diren formen inguruan eta berau epailearen aginduz emana izan den jakitea eskatzen dugu.
-
Tolosako udalari gazteekin harremanetan jartzeko eta beraien behar nahiz eskaerei irtenbidea emateko saiakera egin dezala eskatzen diogu.
-
Tolosako EHBilduk bat egiten du desalojo hau salatzeko Tolosako Gazte Asanbladak antolatuko dituen mobilizazioekin eta herritarrei dei egiten die beraietan parte hartu dezaten.