Udalak barkamena eskatu arren, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak "oraingoz" plantoarekin jarraituko du

Asier Imaz 2015ko aza. 7a, 15:00

Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak atzo bideo bat eta salaketa mezu bat igo zabaldu zuen, "amaitu da" esanaz. Tolosako Udalaren erantzuna gaur goizean iritsi da; "barkamenik sentituena" eskatu die konpartsako kideei. 

Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak atzo, ostirala, 21:00ak inguruan bideo bat eta salaketa idatzi bat zintzilikatu zituen Facebook-en. Sarean segidan zabaldu zen albistea; 200 elkarbanatzetik gora eta herritarren animo mezu ugari eragin zituen; Iruñetik, Herrialde Katalanetatik, eta baita Tolosa bertatik ere. 

Bideoan, Ferialekua agertzen da, hondakinez beteta. Idatzian, "amaitu da" esaten du Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak; "Amaitu da! Tolosako erraldoi eta buruhandiak ez dira berriro kalera irtengo; udaletik merezi duten bezala baloratuak direla sentitzen ez duten arte". Ferialekuan egoten dira erraldoi eta buruhandiak, eta bertan zegoen zikinkeriak eragin zuen salaketa, baina konpartsatik azaldu zutenez, arazoa hori baino handiagoa da.

Hurrengo goizean, 11:30ean, Ferialekua garbi zegoen. Garbitzaileen esanetan, atzo bertan eraman zuten zabor gehiena. Hondakinen karakterizazioa egin delako zegoen Ferialekua horrela. Ekitaldiren bat izaten denean, normalean, hurrengo egunean joaten omen dira garbitzera, eta beti horrela egin omen dute. Sare sozialetako zalaparta, beraz, harriduraz hartu dute garbiketa langileek.

Tolosako Udalaren erantzun publikoa gaur 13:00etan iritsi da, Facebook bidez. Idatziarekin batera Ferialekuko argazki bat zintzilikatu dute; garbiketa lanen ondorengoa. Azalpen gehiago behar izanez gero, horretarako prest agertu dira. Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin harremanetan direla ere esan dute udaletik. Konpartsako kideek ere hori baieztatu dute. Udalak "barkamenik sentituenak" eskatu dizkie erraldoi eta buruhandiekin lanean dabiltzan herritarrei. Komunikazio akats bat egon dela onartu dute, eta udalaren asmoa "herrian hain maitatua eta miretsia" den konpartsari kalte egitea ez dela izan aipatu dute. Ferialekuan hondakinen inguruko karakterizazio lanek egin direla esan dute, eta gaur goizean guztia garbituta zegoela.

Udal ordezkariekin bildu eta idatziaren berri izan ondoren, Iñaki Moyuak, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideak, "oraingoz" hartutako erabakiarekin aurrera jarraitzen dutela azaldu dio Tolosaldeko Ataria-ri. Hau da, "gauzak aldatu ezean" erraldoiak eta buruhandiak ez dira berriro kalera aterako. Eguberrietarako aurreikusia dagoen ekitaldia ere zalantzan jarri du Moyuak. Hala eta guztiz ere, onartu du, hemendik bi astera udalarekin egingo duten bileran argituko direla gauzak. Konpartsako kidearen esanetan, atzokoa dena lehertu duen txispa besterik ez da izan, arazoa sakonagokoa da. Eta aldi berean, ez da egungo udalaren jarrerara mugatzen, "urteetako arazoa baita". Esperantzak badituela ere azaldu du Moyuak.

 

Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, azaroak 6, 21:00

"Gurea da errua!

Gurea da errua, bai, beti isilik egoteagatik, beti bete izanagatik, gure ilusioak sinisteagatik, momentu txarretan zutitu eta lan egiteagatik, eta guztia tragatzeagatik.

Amaitu da! Nola deskribatu ere ez dakigu gaur Ferialekuan aurkitu duguna. Kaka! Benetako kaka! eta inork sikiera abisatzeko denborarik ez hartzea. Eurentzat ez garelako existitzen; ez digutelako sinesgarritasunik ematen; enbarazu besterik ez diegu egiten; une puntualetan argazkia ateratzeko besterik ez dugu balio, euren une puntualetan.

Amorrua, ezintasuna, tristura, dezepzioa, desilusioa, nekea, nekea, nekea...

Gaur erraldoi eta buruhandiak umiliaturik sentitzen dira, mespretxatuak eta irainduak, zaindu beharko lituzketen horiengatik. Baina ez, berdin zaie, Tolosako kultur patrimonioa dena zaintzeko ez daukate nahikoa sentsibilitate. Baina ezta potrorik ere ez gatzaizkiela interesatzen esateko, eurentzat arazo bat garela esateko, eta barre egiten dute, gure aurpegira barre egiten digute. 

Amaitu da! Tolosako erraldoi eta buruhandiak ez dira berriro kalera irtengo; udaletik merezi duten bezala baloratuak direla sentitzen ez duten arte.

Amaitu da!"

 

Tolosako Udala, azaroak 7, 13:00etan

"Egun on,

Udalak barkamenik sentituena eskatu nahi dio Tolosako Erraldoi eta Buruhaundien konpartsari Ferialean jasan behar izan dituzten eragozpenengatik. Egunotan, Ferialak duen espazioaren beharra zuten zaborrarekin lotutako lanak egin dira.


Inoiz ez da gure asmoa izan herrian hain maitatua eta miretsia dugun konpartsari inolako kalterik eragitea. Gertatutakoa Udaleko koordinazio eta barne-komunikazioa arazoa izan da, ez dugu jakin egiten ari ginena inplikatuta zeuden taldeei era egokian komunikatzen.


Udalak argi utzi nahi du, denbora mugatuko kontua izan dela hau, karakterizazioak iraun bitartean, eta gaur goizean guztia garbituta zegoela.

Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin lanean gabiltza, eta hala egiten jarraituko dugu beraien proiektua aurrera atera ahal izateko leku aproposaren bila.
Beste behin, barkatu eragozpenak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!