Iñaki Moyua: "Tolosako erraldoiak eta buruhandiak desagertzeko arriskua benetakoa da"

Asier Imaz 2015ko aza. 7a, 21:09

Minduta baina esperantzarekin dago Iñaki Moyua Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kidea. Azaroaren 16ko astean elkartuko dira udalarekin, eta gauzak ondo joango direlakoan dago. Bilera horren ostean erabakiko dute kalera begira jarri edo ez.

Zer gertatzen da Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin?
Ostiralekoak guztia laburbildu dezake. Baina inork ez dezala pentsa zaborraren kontu hori dela guztia. Horrelako gauzak sarri izaten ditugu; urteetatik datorren kontua da. Beti egokitzen saiatu gara, baina nahikoa da. Tolosako Konpartsak izen bat dauka, eta garrantzitsua gainera, eta kanpoan ikusten dutena, etxean ez dute ikusten; herritarrek salbu.

Tolosako Udalak barkamena eskatu dizue.
Bai, goizean goiz deitu didate. Hala eta guztiz ere, atzo arratsaldean Ferialekuan agertu zitzaigun X Jaunak eskatu behar zituela uste dut. Kontua da, iritsi dira barkamenak, ados; onartzen ditugu, oso ondo. Baina orain zer? Guk proiektu bat daukagu mahai gainean. Noski leku bat behar dugula, baina proiektu hori leku zehatz bat baino arago doan zerbait da; anbizio handiagokoa.

Zein da proiektu hori?
Oraindik ezin dugu esan, negoziatze prozesuan baikaude. Garaia iristen denean, lau haizetara zabalduko dugu. Gertatu den guzti honek horri bultzada emateko balio badu, ongietorria ez, baina...

Zabaldu duzuen idatzia erabaki batekin amaitzen da: ez zaretela kalera berriro aterako. Barkamenaren ondoren, zein da zuen erabakia.
Erabaki bat hartu dugu, eta momentuz horrekin jarraitzen dugu; erabaki horrek hor segitzen du. Gauzak aldatzen hasten direla ikusten dugunean, bat-batean dena alda daiteke. Ostiralekoa gertaera bat besterik ez zen izan, dena lehertu zuena. Baina lehenagotik dator arazoa; ez dagokio udal zehatz bati. Bilerak egin izan ditugu, eta dena atzeratu besterik ez da egin. Figurak ez daude egon beharko luketen bezala. Eta horrek arriskua dakar. Pare bat istripu izan ditugu entseguetan. Horiek ere grabaturik daude, eta behar den lekuan erakutsiko ditugu.

Erraldoiekin entseguetan ari zinetela?
Bai. Estrukturak hezetasunarekin kalteturik daude. Euskarri bat eteten bada dantzan ari zarela, izugarrizko aberia egin dezakezu. Eta konponketa egokiak egiteko ez daukagu lekurik, ezta arropak berriztatzeko ere. Dena geldirik dago, eta azken asteetan pentsatzen hasiak ginen Eguberrietarako ez ginela iritsiko. Azaroaren 16ko aste horretan, udalarekin bilera daukagu, lehendik aurreikusia zegoen. Espero dugu bertan dena konponduko dela, esperantza hori daukagu. Hor erabakiko da kalera atera edo ez.

Eta zer eskatuko duzue bilera horretan?
Ez goaz denbora alferrik galtzera. Urteak daramatzagu kontu honetan, eta hamaika bilera eginak gara. Ez dugu onartuko ezertarako balio ez duen bilera bat. Bilera bakoitzean urratsak ematea nahi dugu, urrats erraldoiak. Esperantzarekin gaude, bilera horri begira gauzak zehaztu direlako. Ez da lokal baten inguruko eztabaida izango: Ferialekua bai edo ez. Ez da gaur edo bihar zer egin behar den eztabaidatzeko izango, etorkizun luzeagoko zerbaiten inguruan hitz egin nahi dugu. Nire ustez gauzak ondo joango dira. Hor ateratzen denaren arabera, kalera ateratzeari begira jarriko gara, edo ez.

Koordinazio akatsa aipatu du udalak kasu honetan. Baina zerbait sakonagoa kontatzen ari zara.
Bai. Herritarrengandik babes handia daukagu. Guk eta eurek, egin beharrekoa egin dugu. Konpartsak bilakaera ikaragarria izan du zentzu horretan. Orain, eta azken urteetan, instituzioen txanda izan da. Pilota euren teilatuan dago. Proiektu hau benetan baloratzen duten edo ez erakusteko garaia iritsi da. Koordinazio akats bat izan dela? Noski. Izan da, eta izango dira horrela jarraitzen badute. Hemen arduradun zuzenak behar dira, eta ez delegazioak. Batek besteari ez dakit zer esan eta hark besteari... Horrela ez goaz inora. Hemen ez gara ari metro bat altuagokoa den lokal batez edo ez dakit zer gauza teknikoz; kulturaz ari gara. Eta Tolosarentzat ona den zerbaitez.


Diozunaren arabera, Tolosaren izena zabaltzen duen marka bat bilakatu zarete.
Hori da kontua. Erraldoiak ikustera jendea kanpotik etortzen da San Joanetan, adibidez. Kanpoan Tolosako erraldoiez hitz egiten dute. Estafetako denda bateko arduradunak, jendea Tolosako erraldoiez galdezka joaten dela esaten zigun. Tafallan haurrentzat atera duten ipuin batean, bertako erraldoien inguruko historia aipatzen da. Tafalla bertakoa ez den konpartsa bakarra dago liburu horretan, eta hori, Tolosakoa da. Calahorran izan berri gara, eta han, Tolosa (Gipuzkoa) agertzen zen denek ikusteko moduan. Euskal Herriaren inguruan kanadar batzuk dokumental arrakastatsua egin berria dute, izugarrizko kritika onak izaten ari dena. Dokumentalaren azalean zer jarriko eta Tolosako erraldoiak jarri dituzte. Eta horrelako hamaika adibide ditugu. Kanpoan baloratzen dena, etxean ez dela baloratzen eta zaintzen uste dugu. Eta haserre ez, minduta gaude.

Etorkizuna dago jokoan, beraz.
Desagertzeko arriskua benetakoa da. Instituzioek urrats bat eman behar dute, eta horretarako beste ideia bat jarri behar da martxan. Beste adibide bat jarriko dut: Iruñeko erraldoiek 170 urte dituzte. Eta maitatuak eta mimatuak dira. Izugarri. Ostiralean buruhandiak zabor artean ikusi nituenean, malkoak ateratzen zitzaizkidan. Kanpotik esango du norbaitek, hau tontoa da, baina zer nahi duzu esatea, horrela izan zen. Sentimenduez hitz egiten ari gara, sorkuntzaz, kulturaz. Eta guk ez dugu nahi epe motzeko irtenbide bat, edo diru laguntzak handitzea. Horrek zertarako balio du biharko egunean dena galtzen bada. Iruñean bezala, gure, eta gure diodanean Tolosaz ari naiz, figura hauek irautea nahi dugu. Bizirik mantentzeko bide bakarra ilusioa mantentzea da. Eta ilusioa hiltzen bada, akabo dena. Kultura bat bultzatu beharra daukagu; haurrekin lan egin, baina ondo lan egin beharra dago. Eta gure proiektuan hori guztia agertzen da. Hemendik 100 urtera Tolosako erraldoiak dantzan jarraitzea nahi dugu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!