Tokiorako abenturak ez du etenik

Iñigo Terradillos 2015eko azaroaren 3a

Lander Egia abenturazale tolosarrarekin izan gara. Nepalen da une honetan, eta azken hilabeteetan Everest inguruko gailur batzuk egiteaz gain, boluntario moduan laguntzen ere aritu dela azaldu digu. Udaberrirako espero du Tokiora iristea.

Tolosaldeko Atariak Lander Egiarekin azkenekoz hitz egin zuenean, hau Himalaian zen. Ordutik Katmandurako bidea hartu zuen, Nepal mendebaldetik barrena.

Tartean senide eta Amezketako lagun baten bisitak jaso ditu, eta haiekin egoteko aprobetxatu du: "Arreba etorri zen eta India eta Nepal bisitatu genituen; tarte txiki batez ere boluntario lanetan aritu naiz, aspalditik nuen intentzio hori eta esperientzia oso ona izan da. Etxeak eraikitzen laguntzen izan ginen. Interesgarria bertako jendearekin egotea".

Amezketako lagunarekin, berriz, mendian ibili da: "Trekking apur bat egin dugu, baina gailurrik ez egiteko penaz geunden, eta azkenean tontor bat egitera ausartu ginen" dio tolosarrak. 6.400 metroko Mera Peak mendia igo zuten.

Nepal ekialdetik, eta Indian ipar ekialdea gurutzatuko du Egiak orain, eta abendurako Birmanian sartzea espero du. Negua, berriz, Tailandian pasatzea espero du. Tokiora, berriz, udaberria eta uda artean iristea espero du.

Anekdota eta gertakizun guztien kontakizun denak, audioan

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!