Gazteburua, eredu berrien eraikuntzan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 14a, 19:28

Bihar bertan abiaraziko dute Gazteburuko egitaraua, kalez kaleko eskaladarekin

Duela urtebete sortu zen, Tolosako Gazte Asanblada eta, iaz Txorimaloek iragarritako festa egunak Gazteburua izenburua hartu du aurten, urteurrena aldarrikapenekin uztartzeko.
Egiazki, joan den astean ekin zioten urtemugari, Zabalarreta parkeko akelarrearekin. Inpernu eta Kortxoenea gaztetxeetako kideek esperientziak ezagutuz, kantuan biribildu zuten gaua, eguraldia lagun.
Asteburu honetan, ordea, indarrak batu beharko dituzte, kirola, gastronomia nahiz festa elkarrekin ariko baitira, Plaza Berrian eta inguruan.
Bihar bertan, 17:00etan, street boulder eskalada txapelketa izango da, kaleko hainbat puntutan, Trianguloan hasita. DJ bat ere izango da, jarduera girotuz. Ostiralean, berriz, bertso musikatuen saioa izango da, 19:00etan, Plaza Berrian, Haritz Mujika, Uxue Alberdi, Alaia Martin eta Agin Labururekin. Ondoren, El experimento filma proiektatuko dute.
Egun indartsuena, ordea, larunbatarekin iritsiko da, goizetik goizaldera. 10:30ak aldera, 3x3 txapelketa izango da Jurasikoan eta, eguerdian, patata tortila txapelketa egingo dute, leku berean, hamaiketako bat egiteko aitzakian. Ordu berean, gainera, Egiguren eta Peñaren arteko esku pilota partida ere izango da, Beotibarren.
Bazkaririk ez da falta izango,eta 14:00etan izango da, Plaza Berrian, 5 euroren truke. Txartelak Denak, The Nest eta Orbela tabernetan daude eskuragarri.
Bazkalondoan jokoak egingo dituzte, eta poteo garaiari ekiteko, Elektrotxufla elektrotxaranga 18:30ean hasiko da kalez kale.
Azkenik, afari legea zahagi-ardoarekin egingo dute, bokadiloak eskainiz, eta Skasti, Laket eta Sukarra 37 taldeen emanaldiek parranda ziurtatuko dute Plaza Berrian.
Eskaintza anitzagoa Tolosarako
Tolosako Gazte Asanbladaren lehen urteurrena festaz ospatuko duten arren, hainbat helburu eta gogorekin hasi ziren, iaz, lanean, Ibai Julian eta Egoitz Garmendia kideek Ataria Irratian azaldu dutenez: «Gazteontzat eskaintzarik ez zegoela ikusten genuen, ez, behintzat, zenbait esparrutan. Horregatik, gure alternatibak landu nahi ditugu».
Horrela, beraz, Gazteburuko ospakizun eta aldarrikapena «geltoki bat gehiago» izango da beren ibilbidean: «Jendea biltzeko eta animatzeko modua izango da, eta hurrengo geltokia gaztetxea izatea espero dugu, Tolosak duen aniztasunarekin, alternatibak eskaintzeko espazio bat beharrezkoa baita», diote.
Urtebeteko bidean, 20 gazte inguru elkartzen dira gazte asanbladan, eta gonbidapena egin diete beste hainbesteri ere: «Gazteburua izango da, baina, gazte, heldu nahiz zahar gonbidatuta dago gure festara».
Ospakizunaren berri emateko, adierazpen bat argitaratu dute Tolosako Gazte Asanbladako kideek, eta espot berezi bat ere grabatu dute.

Erlazionatuak

Akelarrea Zabalarretan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 urr 10 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!