Lander Lasak TAKEn jokatuko du

M.Iraola 2015ko uzt. 20a, 12:44

Hamaika urteren ondoren, ibilbide profesionala amaitutzat jo du tolosarrak, eta etxera itzultzea erabaki du.

Etxera itzultzearekin gustura badago ere, erabakia "gogorra" izan dela azaldu dio Lander Lasak TOLOSALDEKO ATARIAri: "Hamaika urte izan dira profesional gisa, une on eta txarrekin, eta bukaera ematea zaila da. Baina unea iritsi dela sentitu dut". 

Taldean ongietorri beroa egin diotela azaldu du: "Dagoeneko WhatsApp-eko taldean sartu naute eta beti bezala harrera ona izan dut". Orain, "bizitzari buelta bat" eman nahi dio Lasak: "Herrira itzuli naiz, eta ea hemen lana topatzen dudan, edo ikasten jarraituko dut. Saskibaloiarekin ere disfrutatzen jarraitzeko asmoa daukat".

Honenbestez, Lasarena TAKEren bigarren fitxaketa da, pasa den astean Telmo Igartua gaztea fitxatu eta gero.

2005ean ekin zion Lasak ibilbide profesionalari. TAKE utzi eta Atletico San Sebastian taldeko junior taldearekin urtebete izan eta gero, lehen Nazional mailako Askatuak taldean jokatu zuen.

2008tik 2010era, berriz, Azpeitiko Iraurgirekin jokatu zuen, 2010eko udan Gipuzkoa Basketek fitxatu zuen arte. Pablo Lasok ACBn debuta egiteko aukera eman zion, eta bi urtez lehen taldearekin jokatu ostean, bigarren ibilbide bati ekin zion Azpeitian. Zilarrezko LEB ligan bi urte egin, eta Urrezko LEB ligan jokatu du azken urte honetan Oviedorekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!