Tolosako komisaldegiko ertzain bat atxilotu dute pertsona bat hil duelakoan

Ataria 2015eko ekainaren 4a

Twitter

Kamioilari bat hil dute A-15ean Leitzan, tiroz. Nafarroako poliziak Tolosan lan egiten duen ertzain bat atxilotu du, berak hil duelakoan.

13:20ak aldera izan da gertakaria, A-15 errepiderako Leitzako sarbidean. Dirudienez, garraiolariaren eta ertzainaren artean eztabaida piztu da, baina ikertzen ari dira arrazoiak. Agentea autotik atera da, eta armarekin tiro egin dio. Horietako batek, behintzat, buruan eman dio garraiolariari.

Europa Press agentziaren arabera, Iruñean bizi da ertzaina, eta Tolosako ertzain etxera zihoan, lanera. Estefania Beltran de Heredia segurtasun sailburuak atxiloketa baieztatu du, eta dituen datuen arabera "ertzainak ez du arauzko arma erabili". Aldiz, Noticias de Navarra egunkariaren arabera, autoan arauzko arma zeraman atxilotuak.

Nafarroako polizia kasua ikertzen ari da. Bien bitartean, Ertzaintzak ez du honen inguruko adierazpenik egingo, informazio gehiagorik izan ezean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!