Tolosarrak esan duenez, Tolosaldeko EAJren emaitzak Gipuzkoakoekin lotu behar dira: "Duela lau urte EH Bilduren emaitzak izan zitezkeen onenak izan ziren moduan, orain alderantzizkoa gertatu da. Lau urte hauetan ia erabateko agintea izan du EH Bilduk, eta ez du jakin zeukanari eutsi eta zetorkionari aurre hartzen". Horren haritik, EH Bilduk EAJren botoak biltzeko gaitasuna "gutxietsi" duela uste du.
Otamendiren arabera, EAJk "oso ondo erabili du boto baliagarria deiturikoa, EH Bildu erakundeetatik kentzeko gai izango zen indar bakarra bera zela esanez". Botoei dagokienez, Berriako zuzendariaren ustez, ez dira zuzenean igaro botoak EH Bildutik EAJra; "Uste dut EAJk beste boto mota bat bildu duela, lehen EAJri bozkatzen ez ziona, alegia, eta PP ere Gipuzkoan asko jaitsi dela kontuan hartu behar da".