«Lanean jarraituko dugu oposizioan ere, erakundeetan nahiz herritarrekin»

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 25a, 13:07

Kolpea jaso du EH Bilduk Tolosan ere. Ibai Iriarteren arabera, ez zuten horrelakorik espero; hausnarketa garaia dute

Ibai Iriartek (Tolosa, 1983) eta haren lantaldeak ez zituzten atzo gaueko emaitzak espero, eta halaxe aitortu zuen lehen adierazpenetan. 3.779 botoren babesa eskertu zuen lau urtean Tolosako alkate izandakoak, baina EAJk 1.000 boto gehiago eskuratu zituen. Hala ere, hausnarketa baten beharra nabarmenduz,«lanean jarraitzeko» asmo osoa azaldu du Iriartek oposizioan ere, «erakundeetan nahiz herritarrekin».

1.000 botoko aldearen aurrean, zein da zure lehen balorazioa?
Balorazioak egiteko azkarregi da. Argi dago emaitza hauek ez genituela espero, Tolosan emaitza onak espero genituen, udala ekonomikoki biziberritu dugulako eta herritarrekin batera kudeatu nahi izan ditugulako gauzak. Baina EAJ asko igo da Tolosan. Gu bigarren indarra gara une honetan, hau da, aurreko udalbatzako indar banaketak buelta eman du eta aldatu egin da, gu oposiziora pasatuz. Hala eta guztiz ere, 3.700 boto inguru lortu ditugu, eta eskerrak eman behar dizkiegu babesa eskaini diguten horiei guztiei. Zentzu horretan, argi daukagu lanean jarraituko dugula eta hausnarketa sakonagoak egin beharko ditugula bihartik aurrera, guk lortu nahi dugun etorkizuneko Tolosaren eta Euskal Herriaren eraikuntzan, herritarren babesarekin jarraitzeko. Mahaiez mahai aztertu beharko ditugu emaitzak, eta egin dugun lana ere bai. Argi geratu da, era berean, ez dela Tolosara mugatu den emaitza, eta ezta eskualdera ere. Orokorragoa da, eta irakurketak ere zabalagoa izan beharko du. Eta emaitza ikusita Olatz eta EAJ zoriondu behar ditugu.

Beste herrietako emaitzei begira, hondakinen gaiak eraginik duela uste dugu?
Sakonago aztertu beharko da, eta ez nieke hondakinei soilik begiratuko. Iruditzen zait, hemen betidanik boterean egon diren zenbait familia politiko beren irakurketa partzialak egiten saiatu direla lau urteotan, behin eta berriro, gezurraren bidez, botere galtzeak min handia egin zielako. Eta badirudi arrakasta izan duela. Bihartik aurrera egingo ditugu hausnarketa sakonagoa, baina ez dut uste arrazoi bakarra dagoenik emaitzen atzean, eta hainbat arrazoiren emaitza izango da.

Gobernutik oposiziora pasata ere, Tolosarako jomuga zenituzten helburuetara iristen ahaleginduko zarete?
Bai, argi eta garbi. Herri honen historia begiratuta, Tolosarena zein Euskal Herriarena, gora-behera handiko herria garela ikusten da. Etorkizuneko herri libre eta solidario hori behetik gora eraikiko dugu; Euskal Herria Tolosatik ere eraikiko dugu, autodeterminazioaren alde egingo dugu eta herri bizi baten alde lan egingo dugu. Hori guztia alkatetzatik askoz ere errazago egiten da bai, baina zentzu horretan, lanean jarraituko dugu, bai kalean eta baita erakundeetan ere. Bai alkatetzan eta baita oposizioan ere.

Erlazionatuak

Gau beraren aurkia eta ifrentzua

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 24 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!