Ezustekoa. Datuen 180 graduko itzulia. Ziklo baten amaiera eta bestearen hasiera. Txanponaren bi aldeak izan ziren, atzo, Tolosako EH Bilduren eta EAJren hauteskunde gaua; aurkia eta ifrentzua.
Azken hilabeteotan egindako sukaldeko lanaren ondoren eta, kanpaina ofizial trinkoa amaituta, azterketa eguna zuten atzokoa. Eta Euskal Herria Bilduk gainditu zuen arren, ez du lehiakide politikoaren aurrean alkatetza eusterik izan. 3.779 boto eskuratu zituen Ibai Iriarte zerrendaburu zuen hautagaitzak, eta datuen aurrean atsekabea ezkutatu gabe, «hausnarketa sakona egin eta lanean jarraituko» dutela azpimarratu zuen Ibai Iriartek, lehen adierazpenetan.
Bere aldetik, EAJk 4.723 boto eskuratu zituen Tolosan, emaitza historikoetara iritsiz: aurreko udal hauteskundeetan ordura arteko emaitzarik onena lortu zuten 3.629 botorekin, eta nabarmen igo da jeltzaleekiko babesa.
Garaipenaren aurrean, Olatz Peonek «lana» nabarmendu zuen lehen adierazpenetan, eta boto norabidearen aldaketaren zergatia hondakinen gaia izan litekeela azaldu zuen.
Alkatetzarako akordio beharrik ez
Hamaika elkarrizketa, pronostiko eta kiniela egin dituzte, azken egunotan, tolosarrek.
EH Bilduk gehiengo osoa behar zuen gobernuan jarraitzeko, joera guztien arabera, EAJk eta PSE-EEk akordioa osatuko baitzuten, bestela, udala hartzeko.
Beste aukeretako bat udalbatza EAJ eta EH Bilduren artean banatzea zen, PPk eta PSE-EEk beharrezkoa den %5a eskuratzen ez bazuten.
Bi hipotesiak erori dira, ordea. EAJk irauli egin du 2011koa eta, gainera, PSE-EEk sendotu egin du bere indarra Tolosan, datuei begira. 586 boto eskuratu zituen aurreko hauteskundeetan, eta atzo 637 jaso zituen.
Horrela, beraz, Tolosako udalbatzako proportzioek berdin-berdin jarraituko dute datozen lau urteotan ere, bi alderdi nagusien paperak aldatuta.
Bederatzi zinegotzi izango ditu EAJk; EH Bilduk 7 ordezkari izango ditu udalean eta, bere aldetik, PSE-EEk zinegotzi bakarrarekin jarraituko du 2019ko udal hauteskundeetara bitarte.