Hurrengo urtera arte

M.Iraola 2015ko mai. 6a, 12:18

71-63 irabazi du TAKEk Mikeldiren aurka, zaleen aurrean jokatu duen denboraldiko azken neurketan

Hamabostez behin Usabalera joatea ohitura bilakatu den honetan, pena ere ematen du denbora batez ohitura hori eten behar izatea. Are gehiago, denboraldi honek batzuek aurreikusten zuten sufrimendutik baino, gozamenetik gehiago izan duenean.

Izan ere, etxeko 13 neurketetatik bost galdu ditu soilik TAKEk, horietako hiru gainera, denboraldi hasieran eta puntako taldeen aurka. Etxetik kanpo ere erakustaldiak emandakoak dira tolosarrak. Eta batean zein bestean, hor izan ditu zaleak.

Azken garaipena eskaintzeko helburuarekin kantxaratu ziren larunbatean Yon Gonzalez eta Alain Rekondoren mutilak, neurketa hoberena izan ez bazen ere, garaipena lortu zuten Mikeldiren aurka.

Norgehiagoka nahasia izan zen —beroak ere eragina izan zuen— eta azken txanpara indarrekin iristea izan zen gakoetako bat, azken hiru minutuetan puskatu baitzen ordura arteko berdintasuna. Julen Aranzabalen lana aipatzekoa da, 17 puntu pilatu baitzituen.

Azkenean 71-63, eta hamalaugarren garaipena poltsikora. Urrutitik begiratzen zuten EBA, baina gerturatuta ere ez dira lau izan. Hamalau garaipen. Asko. «Inork gutxi espero zuen hori gugandik, baina erakutsi dugu lana eginez gai garela maila onean lehiatzeko», aipatu zuen Gonzalezek.

Hamabosgarrena lortzeko aukera ere izango du ostiralean, denboraldiko azken partidan, Errioxan. Galduz gero, bosgarren postua gal lezake TAKEk, baina gertatzen dena gertatuta ere, urte borobila egin du.

Zaleak eskerturik, hurrengo urtearen zain, bi astez behineko ohitura hori jarraipena eman asmoz. Ez dadila haria eten.

Harmailetatik: Haritz Arana

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!