Harmailetatik: Haritz Arana

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Arana 2015eko maiatzaren 6a

2014ko maiatzak 10. 19:30ak inguru. Arrasate. Partida amaiera eta markagailuan 60-62. EBA Ligarako txartela lortu du TAKEk! Aspaldiko ametsa egi bilakatu da bat-batean.

Poz eta malko artean, «Koldo, orain zuri dagokizu TAKEren makinaria martxan jartzea kantxan lortutakoa bulegoetan berresteko». Horrela hasi zen 14/15 denboraldia. Lan asko atzetik eta helburu bat lortuta.

Aurreko urteetako lanak asko bazirudien, aurtengoaren aldean txiki. EBA Ligak beste profesionaltasun bat eskatzen du, bai bulego mailan eta zer esanik ez kirol arloko eskakizun mailan. Gonzi eta Alainen gidaritzapean jardun den taldea bikain aritu da denboraldi osoan zehar. Ezin hobeto ulertu du bakoitzak zein den bere zeregina taldean eta horri esker lortu dira denboraldi hasieran gutxik espero zituzten emaitzak.

Hamabost egunez behin harmailak beteta ikusteak hitzik gabe uzten nau, taldeak zaleak erakartzen ditu eta zaleek taldea bultzatzen dute bide beretik jarraitzera. Etxeko lanak beteta, datorren ostiralean amaituko da denboraldi hau Errioxa aldean.

Eten txiki batekin, hurrengo urtean pentsatzen hasi beharra dago. Taldearen egitura mantentzea da helburu nagusia. Oraingoz izen bakarra konfirmatuta eta dortsal bat erreserbatuta, 5a. Ea gainontzekoek ere bide bera jarraitzen duten.

Ametsaren lehen zatia bete da. Jarrai dezagun amesten eta ametsak egi bihurtzen. ZORIONAK TAKE!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!