Porrotek gozotik ere badutenean

M.Iraola 2015ko api. 29a, 16:17

Partida txarra egin ostean 65-48 galdu du TAKEk Valladoliden, baina talde giro aparta izan dute.

TAKEren asteburuko neurketa ahazteko modukoa izan da. Ezertxo ere irteten ez den arratsalde horietako bat izan zuten tolosarrek Valladoliden, eta horren erakusle emaitza: 65-48. Baina partida eskasa izanagatik, ez zen asteburu txarra izan.

Kirol arloari dagozkion helburuak aski beteta daudenean garrantzitsuagoa izan ohi da, batzuetan, kanpora begiratu eta taldea inguratzen duen orori begirada bat botatzea. Eta hori egiteko eta bizitzeko aukera izan dute asteburu honetan.

Izan ere, alor sozialari begiratuta albiste onak besterik ez daude. 45 pertsonatik gora gerturatu ziren Valladolidera norgehiagoka ikusi eta asteburu pasa on bat egiteko: bazkaria, parrandatxoa... Jokalari eta zaleen artean izandako giroa, bikaina izan zen asteburu osoan zehar.

«Pena» hitza aipatu zuen Yon Gonzalezek neurketa zaleei eskaini ezin izanagatik: «Kosta egin zitzaigun eta gaizki jokatu genuen. Emaitza txukundu ere egin genuen. Agian urteko neurketarik txarrena jokatu genuen. Lastima hara joandako jendeari garaipena eskaini ez izana».

Harrotasuna ere aipatu zuen: «Tolosako jende gehiago zegoen harmailetan bertako zaleak baino, eta giroa eurek jarri zuten». Horregatik da garrantzitsua noizean behin emaitzez ahaztu eta kontziente izatea kanpoko giro osasuntsu hori ere harro egoteko modukoa dela.

Entzun Yon Gonzalezen hitzak:

Harrobia ere fin
«Harrobiak ere emaitza onak eskuratu ditu. Infantilen taldeak Gipuzkoako finala galdu zuen Easoren aurka, denboraldi on bati amaiera ona emanaz. Senior neskak ere igoera fasean daude, eta mutilen hirugarren taldea mailaz igotzeko borrokan sartua da» dio Gonzalezek.

Aulkitik: Miguel Cruz
Aulkitik: Maddi Lakunza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!