Ekonomia Soziala Jardunaldiak

Beste ekonomia eredu bat posible dela baieztatzen duen azoka

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko mar. 7a, 12:08

Egunotan Tolosa egungo sistema ekonomikoari alternatibak eraikitzeko kokalekua bihurtu da. Martxoaren 2an hasita hainbat eta hainbat jardunaldi, hitzaldi eta topaketa egin dira Ekonomia soziala, ekonomia pertsonen zerbitzura jardunaldien baitan. Gaurkoan ekonomia solidario honen adibideak kalera ateratzeko eguna izan da. Trianguloa plazan Ekonomia Solidarioaren I. Azoka ospatzen ari baitira. 

Trianguloa plazan postu ezberdinak bildu dira ekonomia solidarioaren aldeko apustua herritarrei ezagutarazi eta gerturatzeko. Horien adibide dira, kontsumo taldeak, Ekologistak Martxan-eko kideak, Peñascal Fundazioa, Ehne sindikatua, Somenergia energia berdearen kooperatiba, Goiener...

Batzuek produktuak salgai dituzte, besteek zozketa bidez euren ekimenak ezagutara eman nahi dituzte, beste batzuek kontsumo taldeak kasu kide berriak eurenganatu nahi dituzte. Baina guztiek azken batean ekonomia eredu alternatibo baten aldeko apustua egiten dutela azpimarratu nahi dute.

Azokaz gain, gaiera, kultur etxea proiektu hauek plazaratzeko mintzalekua bihurtu da. Bertan SETEM Hego Haizeak Kontsumo arduratsua, bidezko merkataritza, banka etikoa eta arropa garbia kanpainari buruzko bideoen proiekzioa egin da. Ondoren, Ekologistak Martxaneko kide Martin Mantxok Kontsumoa eta zor ekologikoa hitzaldia eskaini du. Goiener euskal kooperatibak ordea, Energia kontsumitzeko eredu berri bat izan du hizpide.

 

Kontsumo taldea

Juan eta Adrian kontsumo taldeko kideak dira; Iraitz ordea talde horretako ekoizlea. "Baserritar eta herritarren arteko elkarlanaz" hitz egin dute.

 

 

Peñascal

Vanesak, Peñascal proiektuaren berri eman du: "Gizarteratze enpresen bidez, jendea lan mundura bideratzen dugu".

 

Zerkausitik Trianguloara

Begoñak ohiko azokan parte hartzen du larunbatero-larunbatero, garaian garaiko baratzeko produktuak eskainiz. Gaur berriz, Trianguloan jarri du postua bere kontsumo taldearen berri emateko. Kontsumo taldeko kide bihurtzeko 615758813 telefono zenbakira deitu behar da.

 

Ekonomia alternatiboaren alde

Martin Mantxok, Ekologistak Martxan taldeko kideak "beste ekonomia bat bultzatzeko egitasmo txikiak beharrezkoak" direla azpimarratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!