Orain dela hamar urte boluntarioa da Cristina de la Cruz Fiaren. Lanbidez Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientziak Fakultateko Ikerketako dekanordea da.
Finantza etikoak, sorrera eta alternatibak (+Fiare) izena du emango duzun hitzaldiak. Azalduko duzuna zertxobait aurreratu dezakezu?
Finantza etikoez hitz egiterakoan zertaz ari garen aldarrikatuko dut. Kontuan izan behar da horri buruz hitz egiten denean ia beti susmopean jarri ohi dela. Baina berez zalantzan jarri behar dena da zergatik jarri ohi den susmopean hau bezalako ekonomia solidarioaren ekimenak. Seguruenik ez bakarrik ez delako asko ezagutzen, baita ere gizartean botere hegemoniko batzuk daudelako ez dutenak ulertzen ekonomia egiteko beste modu hauek. Baina ekimen hauek historia luze eta isildu bat dute, eta hitzaldian, besteak beste, finantza etikoen alderdi historikoen berri emango dut, eta horien inguruan artikulatzen joan diren mugimenduak aipatuz, Guztion Onerako Ekonomia esaterako. Finantza etikoak ekonomia solidarioaren barne sortutakoa da, eta hiru ezaugarri nabarmen dituzte: jendearentzat, jendetik datozenak eta jendearekin egiten direnak dira. Balore politiko handia dute gizartearen eraldatzean.
Fiare noiz hasi zen martxan?
EAEn 2003an hasi zen lanean, eta egun banku bat bezala funtzionatzen du. Bost mila erakunde eta pertsonen parte hartzea du, eta 40 milioi euro jaso ditu eta 36 milioi euro eman ditu maileguan hainbat proiekturen garapenerako. Fiare kreditu kooperatiba bat da, eta bere indarra kapital sozialean du. Jende asko iritsi da Fiarera azken garai honetan: norbanakoak, erakunde eta elkarteak, ikusten dutelako beraiek ere subjektu ekonomikoak direla eta bere diruarekin beste lanketa bat egin daitekeela. Aipatzekoa da Gipuzkoan 15 udaletik gora Fiareren parte direla.
Finantza etikoetan interesa agertzen dutenek zer galdera egin ohi dituzte bereziki?
Esaterako, nola jakin dezakeen Fiarek zein proiektu bultzatzen dituen. Hori jakiteko, webgunean sartu daiteke eta bertan eguneratuta dago dena. Gardentasuna da Fiareren ezaugarrietako bat eta informazio guztia webgunean dago. Beste galdera bat izaten da nola parte hartu dezakeen Fiare proiektuan. Hori bikoitza izan daiteke: bezero moduan, beste edozein bankutan bezala, edo bazkide moduan. Bazkideei dagokionez, bakoitzak boto bat du, berdin dio zenbat kapital sozial duen.
Egungo sistema aldatu daitekeen pertzepzioa handitu egin da jendearengan?
Ekonomia solidarioaren ekimenek berarekin dute herritar bezala zerbait egin dezakezunaren kontzientzia; maila txikian bada ere, zure aurrezkiekin, zure nominarekin... zerbait aldatu dezakezu. Erreminta politikoa bihurtu da, orain ekonomiaren alorrerra iritsi den herri kontzientzia da, lehen ez zegoena. Banaketa bat zegoen herritar izaeraren eta kontsumitzaile izaeraren artean, eta orain kontziente egin gara bereizte hori ez dela erreala.