Ekonomia Soziala, Ekonomia pertsonen zerbitzura jardunaldien barruan elikadura burujabetza izango da protagonista biharkoan. Hain justu, Bide berriak: elikadura burujabetza Euskal Herrian dokumentala emango dute kultur etxean eta ondoren solasaldia izango da. Xarles Iturbe Via Campesinako nazioarteko idazkaritzako kidea izango da bertan eta dokumentalean erakusten dena azaldu du: «Dokumentala egiterakoan, alde batetik, mezu positibo bat helaraztea gizarteari izan zen asmoa; mezu gazte bat, baserri mundua eta landa eremua aukera esparru bezala; autoenplegua, benetako alternatiba eta etorkizun mezua helaraztea». Iturbek gaineratu duenez, «polifonia» bat ikusi daiteke: «Euskal Herriko baserritar gazte askoren esperientziak biltzen dituen dokumentala da. Bakoitzak nekazaritzara heltzeko bere bidea zein izan den azaltzen du».
Dokumentala EHNE-Bizkaia eta Bizi Lur GBEren ekimena izan da, eta Etxalde mugimenduaren eskutik ikusiko da Tolosan eta egingo da ondorengo solasadia. Iturbek azaldu duenez, Euskal Herrian elikadura burujabetzaren aldeko lana egiteko sortu den mugimendu soziala da Etxalde. Bertako kideak dira EHNE-Bizkaia, Iparraldeko ELB eta norbanako ugari. «Elikadura burujabetzaren, kontsumo arduratsuaren, landa eremuarekiko kezka duen jende asko biltzen duen mugimendua da», azaldu du Iturbek.
Euskal Herria egun dauden baserritarren lanetik bakarrik elikatu ahal izatea «zoritxarrez ez da posible», esan du Iturbek eta dokumentalaren izenburuari egin dio erreferentzia, azalduz bide bati buruz ari direla, eta helburu bat zehaztu nahi dutela Etxalde mugimendutik: «Ahal den baserritar gehien sektorean instalatzea, nekazaritza iraunkorraren eredu horri lotuta».
Elikadura eskubide moduan ikusten dutela azaldu du Iturbek: «Ezin da tratatu beste edozer merkantzia moduan. Elikadura gure bizitzaren zentroan dago».
Ekonomia Solidarioaren I. Azoka
Etzi, larunbata, Ekonomia Solidarioaren I. Azoka antolatu dute jardunaldien barruan. Bi gune izango ditu azokak. Batetik, hainbat elkarte eta eragilek postuak jarriko dituzte. Batzuetan produktuak erosi ahal izango dira eta besteetan informazio jaso ahal izango da elkarte edo eragile horren jardunaren inguruan. Bestetik, kultur etxean hiru hitzaldi izango dira. REAS, Ekologistak Martxan eta Goiener izango dira, hurrunez hurrren, hitzaldiak emango dituztenak.
Tolosako Udaletik azaldu dutenez, 10:00etatik 14:00etara bitartean haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da kultur etxean bertan, eta interesatuek izena eman beharko dute udaletxean.
Egitaraua
Martxoak 6, ostirala
19:00. Bide berriak: elikadura burujabetza Euskal Herrian dokumentalaren emanaldia eta ondoren solasaldia, kultur etxean.
Martxoak 7, larunbata
Ekonomia Solidarioaren I. Azoka
10:00-14:00. Azoka Trianguloa plazan. Bertan salmenta postuak edota informazio postuak jarriko dituzte ondorengoek: Reas Euskadi, Truke, Peñascal fundazioa, Zurtek, Laiatzen, Goiener, Fiare, Goeiko Haragia, behi Eko, EHNE, Tolosako Kontsumo Taldea, Lurlan, Agrojateko Kontsumo Taldea Sindesperdicio, Oikokredit,Gaztaroa/Keima/Sokaire, Koopera, Energia Gara, Koop57 eta Ekologistak Martxan.
10:30. Kontsumo arduratsua, bidezko merkataritza, banka etikoa eta arropa garbia kanpainari buruzko bideoen proiekzioa, SETEM Hego Haizearen eskutik, kultur etxean.
12:00. Kontsumoa eta zor ekologikoa hitzaldia, Martin Mantxo Ekologistak Martxaneko kidearen eskutik, kultur etxean.
13:00. Energia kontsumitzeko eredu berri bat hitzaldia, Goiener-en eskutik, kultur etxean.