Inauteriak 2015. Ondorengoak

Eguraldiaren gainetik, herritarren parte hartzea txalotu du udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 21a, 00:45

Zarataren auzia hobetu beharra azpimarratu dute, eta zezen plazara txarangekin sartzeko unea ia kontrolpean izan dute. 

Amaitu berri diren inauterien balorazioa plazaratu berri du Tolosako Udalak, inauterizaleen "umorea eta lanerako gogoa" txalotuz. Joan den ostegunean bildu zen festa batzordea, eta udaltzainekin batera izan ziren karroza eta konpartsetako hainbat kide. 
 
Besteak beste, eta, herritar guztien ahotan dabilenarekin bat etorriz, eguraldi kaskarrak baldintzatutako jaiak izan direla nabarmendu zuten bileran. Dena den, ekitaldi bakarra geratu zen bertan behera, eta hori positibotzat jo zuten. 
 
Zaldunita bezperan egin ez zen haur danborrada bihar bertan ospatuko dute, eta 12:00etan hasiko da tren geltokian. Horrela, San Frantziskon eta Rondillan ezingo da autorik aparkatuta utzi goiz osoan barrena. 
 
Zarata, konpondu beharreko auzia
 
Karrozek sortzen duten zarataren afera konpontzeko neurri berriek emaitza onak eman dituztela azaldu du udalaren balorazioak, izan ere, konpartsetako parte hartzaileek "errespetu handiagoa" nabaritu dute musiakrekin, bata bestearen artean. 
 
Dena den, argi utzi dute aurten ere zarata sekulakoa izan dela, eta datorren urtera begira ere konpondu beharreko auzien artean lehenengotarikoa izango dela. 
 
Bide beretik, aipatzekoa da karrozak Ferialekutik aterako dituela udalak, beste pabiloi batera eramateko. Horrela, Ferialekuan bertan desmontatu beharko dira, eta behar ez den materiala Ferialeku kanpoan utzi beharko da, martxoaren 1a baino lehen. Modu horretara, eraikina beste zenbait jardueretarako libre geratuko da. 
 
Inauterietako protagonistetako batzuk karrozak diren bezala, txarangak ere ezinbesteko elementu dira, eta Tolosako Udalak bereziki goraipatu nahi izan du horien lana: "Nahi bezainbeste kalez kale ibili ezin izan duten arren, txalotzekoa da egin duten lana, berriro erakutsi baitute inauterietako ardatzetako bat direla". 
 
Salaketak behera, istiluak gora
 
Salaketei dagokienez, Udaltzaingoak urteroko gertakariak errepikatu direla azaldu du balorazioan: kartera eta mugikorren lapurretak, alegia. Guztira 40 salaketa jaso dituzte, eta, iazko inauteriekin alderatuta, kopurua jaitsi egin da. 
 
Istiluei dagokienez, ordea, aurtengo inauterietan izandako sexu eraso, jipoi nahiz bestelako gertakariak berriro gaitzesteko baliatu du, udalak, inauterien balorazioa: "Inauteriak tolosar guztion parte hartzeaz eta konpromisoaz antolatzen dira, eta elkarbizitzak ere denon arteko konpromisoa eskatzen du. Horrela, udalak bere esku dauden tresna guztiak jartzen jarraituko du, baina bizikidetza sustatzeko denon inplikazioa beharrezkoa da, norbere alea ezinbestekoa baita jazarpen, eraso, jipoi nahiz bestelako bortxen aurrean",
 
Zezen pazako sarrera, ia kontrolpean
 
Zezen plazako sarrerek arrakasta izan dutela argi geratu zen inauteriak hasterako, izan ere, internet bidez egun bakarrean saldu zituzten erdiak, eta Leidor aretoan sei ilara jarri izanak ere harrera ona izan zuela azaldu du udalak. 
 
Txarangen atzetik plazara sartzeko, berriz, iazko kontaketa sistema erabili dute eta, azaldu dutenez, egoera ia kontrolpean izan dute: "Ostegun Gizenean, Zaldunitan eta Asteartitan kontaketa oso ondo joan zen, baina Astelenitan zailagoa izan zen kontrolari eustea". Bide horretan, egun horretarako beste sistemaren bat bilatu beharraz ohartarazi dute, datorren urtera begira. 
 
Kaleak garbi, hondakinak sailkatuta
 
Udalak festak abiarazi baino lehen jakinarai bezala, sortzaile bereziei bilketa indartu diete inauterietan eta, horrela, errefusa eta organikoa egunero ateratzeko aukera izan dute. Horri "herritarren konpromisoa" gehituta, "hondakinen bilketa oso ondo joan" dela azaldu du Tolosako Udalak eta, datuen arabera, %70era iritsi dela azaldu dute. 
 
Kale garbiketari dagokionez, berriz, aipatzekoa da eguraldi txarrak alderdi onak ere badituela. Izan ere, azken urteotako ur kantitaterik txikiena erabili behar izan dute kaleak garbitzeko: 305.000 litro, iaz baino 37.000 gutxiago. Desinfektanteari dagkionez, aldiz, 450 litro erabili behar izan dituzte. 
 
Kontzientziatzeko bideak festan
 
Ai Laket! elkarteak eta Inmakulada ikastetxeko zenbait ikaslek alkoholaren eta droga kontsumoen inguruan kontzientziatu zituzten Tolosan parrandan zebiltzan zenbait gazte. 
 
Guztira 550 neska-mutilekin izan zirela azaldu dute hezitzaileek eta, oro har, kontsumo arduratsuaren inguruko informazioa ondo hartu zutela. 
 
Behin amaitu berri diren inauterien malenkoniarekin eta, karroza eta konpartsen sariak banatuta, hurrengo urterako ideiak dantzan jartzen hasteko deia egin du udalak, urtebete baino gutxiago beratzen baita, datorren otsailaren 4an festa lehertzeko. 
Erlazionatuak

Inauteriak ikuspegi berezi batetik

Mikel Iraola 2015 ots 24 Tolosa

Txarangazaleen itsasoa

Jone Amonarriz 2015 ots 23 Tolosa

Ideia originalenen jabeak, txapelapean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 ots 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!