Behin eta berriz esaten da inauterizale tolosarrei euriak ez diela etxean uzten. Ez hori bakarrik, txarangen doinuak ere ez dira geratzen barruraino bustita egon arren. Atzo, beste behin, demostratua geratu zen.
Estreinekoz, Kabila txarangaren 75. urteurrena baliatuz, txaranga topaketa ospatu zen. 200 musikari inguru batu ziren, inauterietako azken doinuak elkarrekin jotzeko. Kolore festa izugarria izan zen, bakoitza bere txarangako jantziarekin joan baitzen.
Zezen plazan bildu ziren musikariak. Kanpoan, Oria kaleko eta San Frantzisko pasealekuko bi aldeetan ere ikusmina handia zen, orain arte ikusi gabeko zerbait bizitzeko. Tamalez, hasi eta berehala euria hasi zuen, baina festak aurrera jarraitu zuen. Inor ez zen etxera joan.
Zerkausian bildu ziren ondoren elkarrekin bazkaltzeko, eta festarekin amaitu aurretik txaranga bakoitzeko partaideek diploma bana jaso zuten. Omenaldientzat tartea ere izan zen: besteak beste, Enrike Arostegi eta Miguel Mari Iraola omendu zituen Kabila txarangak. Mahai inguruan elkarrekin azken notak joz eman zitzaion bukaera egun berezi honi.