Inauteriak 2015. Ondorengoak

Ideia originalenen jabeak, txapelapean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 20a, 20:05

Sei sailetan irabazle suertatu diren taldeak elkartu dira batzar aretoan.

Tolosako Udalak banatu ditu 2015eko inauterietako karroza eta konpartsen sariak.

Tolosako Zirkoa, Dando la nota, Merke-merke, Amarozko aireportua Agirretxe Airlines, Candy men eta Pussy Riot izan dira irabazleak, eta udal teknikariekin batera, iazko lehiaketako irabazleek ere beren iritzia eman dute azken erabakia hartzerakoan.

Atzo bertan elkartu ziren epaimahaikideak eta, jai batzordeko lehendakari Igor Ezenarrorekin batera, Berdintasun teknikari Mertxe Fernandez, Jokin Monfort koordinatzailea eta 2014ko karroza eta konpartsen irabazleek adostu zituzten banatu berri dituzten sariak.

Euria protagonista izan duten inauteriak iruditan errepasatu ondoren, oroitzapenak birgogoratu eta txapelak banatu dizkiete irabazleei. Horrela, aurtengo jaiak biribilduta, datorren urteko karrozak baloratu beharko dituzte, aurtengo irabazleek, ideia berriak dantzan jartzearekin batera.

Txapela morea, lehen aldiz

Aurten, karroza handien eta hainbat neurritako konpartsekin batera, lehen aldiz sari berri bat eskaini diote konpartsa berdinzaleenari. Pussy Riot izeneko konpartsak jaso du txapela morea, eta leloagatik nahiz parekidetasunaren gaia inauterietan jorratzeagatik jaso dute garaikurra, besteak beste.

Konpartsako kide Maria Imazek azaldu duenez, Pussy Rioten inguruan iaz ikusi zuten dokumental batek piztu zieten, kuadrillan, mozorrorako ideia: "Hasiera batean ez genuen aldarrikapenaren bidetik aukeratu, baina inauterietarako prestaketetan murgiltzen ari ginen heinean, gogo handiagoa piztu zitzaigun, eta parekidetasuna aldarrikatzeko eskuorriak, pegatinak naiz banderolak atera genituen kalera".

Hurrengo urterako oraindik denbora asko dagoela dioten arren, "ziur zerbait pentsatuko dugula".

 

Erlazionatuak

Inauteriak ikuspegi berezi batetik

Mikel Iraola 2015 ots 24 Tolosa

Txarangazaleen itsasoa

Jone Amonarriz 2015 ots 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!