Tolosako Udalak inauterietan izan diren istilu guztiak salatu ditu

Ataria 2015eko otsailaren 18a

Asteartitan izandako gertaerak eta ostiral meheko eraso sexista gaitzetsi ditu, adierazpen baten bidez.

Atzo goizean, pertsona bati labankada bat eman zioten Beotibar frontoiaren parean, eta goizaldean Nagusi Kalean Ertzain eta zenbait herritarren arteko gertaeraren gainean Tolosako Udalak "gertaturiko liskarrak guztiz lekuz kanpo daudela" adierazi nahi du. Hiru ertzain zauritu ziren bertan, eta beste hiru pertsona atxilotu zituzten.

Gertaera hauen aurrean ondorengoa adierazi du Tolosako Udalak:

 

  • Ostiral mehean gertaturiko eraso sexista salatu zuen bezala, oraingoan ere argi eta ozen dio kaleak bizitzeko, ospatzeko, eta elkarbizitza sustatzeko espazioak direla Iñauteri zein egunerokoan.
  • Udalarentzat, eraso, labankada, borroka eta jipoiak ez dira ongi-etorriak eta ez diote laguntzen elkarbizitzan eta errespetuan eraiki nahi dugun gizarteari.
  • Iñauteriak, festa koloretsu, parte-hartzaile eta alaiak izaten jarraitzeko lanean segiko du udalak, izan ere, mota honetako gertaerak Iñauteri zein Tolosaren aurkakoak dira.
  • Azkenik, inauteriak tolosar guztion partaidetzaz eta konpromisoz antolatzen diren festa paregabeak dira eta elkarbizitzak ere denon arteko konpromiso bera eskatzen du. Zentzu horretan Udalak bere esku dauden tresna guztiak jartzen jarraituko du, baina elkarbizitzaren sustapenean, denon inplikazioa behar beharrezkoa da, norberaren alea ezinbesteko baita, jazarpen, eraso, jipoi eta bestelako bortxen aurkako lanketan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!