Bi adingabe atxilotu ditu Ertzaintzak goizean Tolosan gizonezko bat kolpatzeagatik

Ataria 2015ko ots. 17a, 15:30

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gaur goizean, 08:15ean, Tolosako Nafarroa etorbidean Ertzaintzak bi mutil adingabe atxilotu ditu beste bati lapurreta indarkeriaz egiteagatik.

16 eta 17 urteko gazteek beste gizonezko bat asaldatu dute lapurreta egiteko intentzioarekin. Mehatxatu ondoren, gizonezkoa kolpatu eta "ziur aski objektu zorrotz edo arma zuri batez zauritu" dute aurpegian, buruan eta bizkarrean, Segurtasun sailak jakitera eman duenez. Gizonezko hau Tolosako anbulantorioara joan zen eta ondoren, anbulantzian Donostiako ospitalera eraman zuten.

Goizeko 09:00etan, Ertzainak, udaltzaingoarekin elkarlanean, erasotzaileak Nafarroa etorbidean aurkitu eta atxilotu zituen, "lesio-delitu eta indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bana egotzita". Atxilotutako batek hiru telefono mugikor eta botila-lepo bat zeramatzan soinean, eta besteak beste telefono bat praketan ezkutatuta. 

Adingabeen fiskaltzaren esku utzi zituzten atxilotuak. Ertzaintza ikertzen ari da oraindik atxiloei atzemandako telefonoen jatorria zehazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!