Zaldunita 2015

Kolore zaparradak Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko otsailaren 15a

Karroza eta konpartsek hartu dute kalea, eguraldi grisari aurre eginez

Kosta egingo litzaieke, tolosarrei, gaurko eguraldiarekin kalera irtetea. Kosta, inauteriak ez balira. Norbaitek Tolosako inauteriei maldizioren bat bota ote dion pentsatzen hasiak dira inauterizaleak, hirugarren urtez euritan dantza egin behar izateagatik.

Zorigaitzeko eguraldiak, hala ere, ez du umorearekin amaitzen, eta Tolosako erdigunea azken hilabeteotan landutako ideien erakusleiho bilakatu zen, beste behin.

Urteroko moduan, hainbat korronteri heldu diote inauterizaleek. Mozorro tradizionalen aldeko apustua egin dute askok, mexikarrez, zein pailazoz itxuraldatuz; beste askok, aldiz, ideien zaparrada baten ondorioz sortutako mozorroak plazaratu dituzte: Zabalarretako ahateen aldarrikapen sutsuak, parkea berreskuratzeko; Isabel Pantoja presoari egindako erraldoia; elurra mara-mara erortzen zaien panpinekin, kristalezko bolak nahiz Zerkausiko nekazarien postu ibiltariak, kalean gora eta behera.

Txaranga zaparrada

Karroza eta konpartsak Zaldunita eguneko protagonista diren bezalaxe, txarangek ere tarte zabala izan dute goizean, Alcoyano, Urdina Txiki eta Kabila ofizialak kalejiran aritu dira, batetik.
Zaldunitako zezenen igoera egiteko ardura izango dutenez gain, ordea, Aiz Orratz txaranga, San Esteban auzoko txaranga nahiz Bonberenea txarangak ere aurre egin diote euriari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!