Zaldunita 2015

Inauteriz blai jaiki dira tolosarrak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko otsailaren 15a

Zaldunita euripean esnatu da, baina eguraldi txarrak ere ohetik jaikitzen ditu tolosarrak, eta aterkiek eman diote kolorea, Dianari.

Iratzargailua 07:30en bueltan jo eta jo hasiko zen, gaur, Tolosako hamaika etxetan. Begiak ireki, Zaldunita eguna dela gogoratu eta presaka peluka eta pijamarekin kalera irteteko atondu dira inauterizaleak, leihotik eguraldiari begiratu ondoren.

Euri langarra, euria, zerua gris. "Ostegun Gizeneko eguraldirik balego..." pentsatu dute askok. baina ezkaratzeko atera ireki, eta beste dozenaka herritar ere Dianara doazela ikusteak, inauteri grina are gehiago piztu die.

Agintari kaleak aterki koloredunen desfile bat zirudien 08:00ak jo ondoren, eta eguraldia gai nagusi izan arren, poza ze aterkipeko tolosarren sentimendu bakarra. Poza, mozorrotzeko eguna iritsi delako; poza, Tolosako inauteriek meteorologiaren beharrik ez dutelako; poza, beste urtebetez Galtzaundi eta Pello ziri-ziriren doinura, egunari ekin diotelako.

Eta behin Zaldunita lehertu dela iragarri eta ospatu ondoren, tradizio edo ohitura onenei heldu, eta kafetegien babesean hartu dute aterpe inauterizaleek, kafesne beroaz gorputza egun osorako epeltzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!