Osteguneko parrandaren lehertzeak ostiralean izaten du ajea, eta ajeak atsedena behar. Zaldunita bezpera ofizialki ere festa eguna den arren, mozorroen zurrunbilorako azken ukituak osatzeko eguna izaten da tolosarrentzat.
Horrek, ordea, inauteri girorik ez dio herriari lapurtzen, eta haur danborradaren ondoren, helduen txanda iritsi ohi da iluntzean.
Gaur haurrek ezin izan dute danborra joz kalera irten, hirugarren urtez jarraian euria inauteriekin maitemindu baita. Bertan behera geratu da danborrada, eta Piñata igandean egingo dute atzorako aurreikusitakoa.
Helduak, pozez blai
Euripean ere festarako gogoz ziren helduen danborradako kideak. Trianguloan guztiak bildu eta inauteri doinuak makila eta danborrekin jo ondoren, Zerkausia nahiz Alde Zaharreko kaleak girotu dituzte.
Argi dago atseden eguna parranda egun erraz bilakatzen dela inauterietan, eta aurretik datozen hiru egun magikoentzat, inauterizaleek beti izaten dute ohetik jaikitzeko gogoa.